2017RAKO AURREKONTU PROIEKTUAK AURKEZTU DITU UDAL GOBERNUAK

2016/12/19

Zumaiarrak ardatz hartuta, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea eta herriko irisgarritasuna hobetzea lehenetsi ditu gobernuak. 2017. urtean aurrera eramango diren proiektuekin zumaiarren kezka eta beharrei erantzutea da gobernu taldearen helburu nagusia.

Zumaiako udal gobernu taldeak gaur goizean aurkeztu ditu prentsaurreko bidez 2017ko aurrekontu proiektuak. Horiek osatu eta lantzeko garaian kontuan izan dituzte hauteskunde programan eta Plan Estrategikoaren barruan zumaiarrekin elkarlanean landutako proiektuak, baita ere, noski, urtean zehar eta bereziki azken hilabetean herritarrengandik jasotako ekarpen eta iradokizunak ere. Zumaiako alkate Oier Kortak adierazi duenez, “gaurkoan hemen aurkezten ditugun proiektuen bitartez, zumaiarren egungo behar, nahi eta eskaera zehatzei erantzutea da gure helburua eta horretarako gure asmoa izan da herritarren iritzi, ekarpen eta iradokizunak ezagutu eta horiek kontuan izatea”. 

2017rako udal aurrekontu proposamena abenduaren 5ean egindako ogasun batzordean aurkeztu zion gobernuak oposizioari, eta gaurkoan proposamen eta lan ildo nagusi horien berri eman nahi izan die herritarrei.

Aurrekontu proiektua urtean zehar aurrera eraman nahi diren proiektu, egitasmo eta lan ildoak jaso eta zehazten dituen plangintza dela azpimarratu dute gobernuko kideek,  “kudeaketarako, planifikaziorako eta eguneroko jardunerako erabiliko dugun lan tresna, alegia”, gehitu du alkateak. Ildo horretatik, iaz heldu zioten zuhurtasun printzipioari jarraipena emanez, udal baliabideak eraginkortasunez eta zuhurtziaz kudeatzeko aurrekontu proiektua landu du gobernuak.

Horiek horrela, aurkeztutako proiektuak helburu du tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea eta herriko irisgarritasuna hobetzea, horrela, zumaiarren bizi kalitatea hobetu eta haien beharretara egokitutako Zumaia eraiki ahal izateko.

Tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea

Ekonomia eta enpleguak egungo gizartean eta bereziki Zumaia eta zumaiarren ongizatean zuzenean eragiten duela aintzat hartuta, legealdi hasieratik lehentasunezkoa izan da udal gobernuarentzat tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea.

Konpromiso horri helduz, Udalera sartu orduko Mankomunitatearekin jarri zen harremanetan haien pertsonal baliabideak kudeatu eta gaia eskualde mailan landu ahal izateko. Bide horretan, ekonomia indarberritzea eta lan aukera berriak sortzea lehentasun hartuta, iaz, 30.000€ko kontu saila sortu zuen aurrekontuetan. Aurten, aldiz, kopuru hori 75.000€tara areagotu du Udal Elkarteak enpresaren garapena eta laneratzeko zerbitzua sustatzeko sortutako programetara bideratzeko. 

Herritarren gizarte beharrei erantzutea

Zumaiarrak izanik gobernuaren eta udal jardunaren lehentasun nagusia, herritarren bizi kalitatea hobetu eta haien ongizatea bermatzea da helburua. Horretarako, lehenik eta behin gizarte zerbitzuetako arduradunak aurreko legealdian egindako eskaerari erantzuna emateko, gizarte langile berri bat kontratatzeko kontu saila jaso du gobernuak, gizarte zerbitzuetako langileek duten lan karga arintzeko eta herritarrei beraien beharretara egokitutako zerbitzurik egokiena bermatu ahal izateko.

Lehen mailako gizarte zerbitzuari dagokionez, esku hartze psikosoziala eta hezitzailea indartzeko programa %14.5 handitzea proposatu du gobernuak. Bestalde, ordenantzetan etxez etxeko zerbitzuaren kostua jaisteak eragin zuzena izan du aurrekontuetan eta horri dagokion kontu saila handitu egin du udal gobernuak, zerbitzuaren egungo eta aurreko kostuaren arteko desberdintasuna orekatzeko.

Laguntza, prestazio eta gainerako gizarte programa guztiak mantendu egingo dira, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoa hartuta.

Herri irisgarri eta jasangarria eraikitzea

Irisgarritasunari eta bereziki mugikortasunari lotuta, Zumaian TAO sistema jartzea da udal gobernuak 2017rako aurkeztu duen mugarria. Sistema berri horrekin trafikoa erregulatu eta egoiliarrak lehenesteaz gain, ibilgailuen erabilera murriztu eta zumaiarren artean garraio ohitura osasuntsuak ere sustatu nahi ditu gobernuak.

Halaber, 2017an garrantzi eta lehentasuna emango zaio auzoen irisgarritasuna hobetzeari. Horretarako hainbat ekimen proposatu ditu gobernu taldeak. Esate baterako, San Jose auzoan igogailua jartzeko proiektua gauzatzea eta Artadin auzoko saneamendua hobetzea planteatu du. Era berean, Larretxo auzoari dagokionez, espaloiak eraberritu eta hobetzeko eta ur zikinak eta euri urak bereizteko hoditeria berria ezartzeko kontu saila jasotzea proposatu du gobernuak, baita auzoko irisgarritasuna hobetzeko lehen pausoak ematen hasteko ere. Horrez gain, landa auzoak eta baserri bideak garatu eta hobetzeko partida jaso nahi du. Bestalde, herriko bide publikoak hobetu eta mantentzeko jada iaz handitutako kontu saila mantentzea ere proposatu du.

Zumaiar guztien beharretara egokitutako Etorkizuneko Zumaia eraikitzeko bidean, ingurumenarekiko arduratsuagoa izango den herria garatzeko gobernuak 2017rako duen bigarren mugarria aurkeztu du, hondakin bilketa sistema mankomunatuarena, alegia. Aurrekontuetan sistema hori martxan jarri ahal izateko Mankomunitatera bideratuko duen kontu saila handitu du.

Era berean, hirigintzari lotuta hainbat inbertsio ere proposatu ditu, besteak beste, Jadarreko horma berreraikitzea, Axular-P.Etxezarreta bulebarizatzea, Moilaberriko eraikinari erabilera berria emateko azterketa gauzatzea, Hogarreko egokitzapenari jarraipena ematea edota ur horniduren azpiegitura eta saneamendua hobetzea. Udal eraikinei dagokienez, Forondako teilatua konpontzeko eta udaltzaingoko eraikina egokitzeko kontu saila jaso du. Halaber, Itzurun hondartzan kantina eta bertako komunak egokitu eta berritzea eta hilerrian kolunbario berri bat eraikitzea ere planteatu du.

Bestalde, gazteei ere garrantzia eman nahi izan zaie aurrekontuetan eta horretarako, haien emantzipazio aukerak areagotzeko kontu sail berria sortu nahi du aurten gobernuak.

Kirol arloan, kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko iaz hasitako bideari jarraipena emateko xedez, aurten ere kontu saila jasoko du gobernuak. Era berean, Mariantonen kirol parkea eraikitzeko proiektua aurkeztu du. Horren baitan, skate park berria eta haur parke estalia egiteko kontu sailak jaso nahi ditu.

Amaitzeko, udal gobernuak Maria eta Jose ikastetxearekin hitzarmena sinatzea ere proposatu du udal ekintza eta herriak izan ditzakeen behar ezberdinetarako ikastetxeko azpiegiturak erabili ahal izateko.

Aurrekontuak abenduaren 29an egingo den Osoko Bilkuran onartuko dira eta horren harira, gobernuaren nahia da “behin betiko dokumentua oposizioko talde guztiekin batera lantzea, guk gaur aurkeztutako proiektua osatu eta hobetzeko eta zumaiarren beharretara egokitutako Etorkizuneko Zumaia eraikitzeko” amaitu du Kortak.