‘Beira kalera’ kanpaina Zumaiara iritsiko da ostiral arratsaldean

2010/04/20

Eroski aurrean kokatuko dute informazio-gunea eta gerturatzen diren herritarrei arbel magnetiko bana banatuko diete.

 

Urola Kostako Udal Elkartean eta bereziki berau osatzen duten 5 herrietan (Aia, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarautzen) beiraren gaikako bilketaren aldeko kanpaina bat egiten ari dira eta ostiral honetan izango da Zumaiaren txanda. Kanpainaren ardatza informazio-dinamizazio puntu bat izango da. Bertan ingurumen hezitzaileak egongo dira eta beirazko ontzien hondakinen inguruko informazioa eman eta  beira birziklatzeak dituen onurak azalduko dituzte, baliabide informatikoen eta jolasen bitartez.

Iglu berdean zer sartu behar den azpimarratuko dute:

- Iglu berdeetan beirazko ontzien hondakinak soilik sartu behar dira: beirazko botilak, poteak eta fraskoak. 

- Edukiontzi berdean ezin dira portzelanazko eta zeramikazko elementuak bota, ezin dira ere, tapak, tapoiak, txapak, bonbillak, fluoreszenteak, ispiluak, leihoetako kristalak, edalontziak, kopak eta kristalezko platerak bota, horiek guztiek  beiraren birziklapen prozesuan arazoak sortzen baitituzte.

Hezitzaileek herritarrak jolasetan partehartzera gonbidatuko dituzte, elkarrizketa motz bat izateko parada aprobetxatuz eta izan ditzaketen zalantzak argituz.

Parte hartzen dutenentzako oroigarria

Informazio-dinamizazio puntura gerturatzen diren herritarrei, kanpainaren oroigarri gisa, arbel magnetiko bana emango zaie frigorifikoan itsasteko.

Ostiralean, hilak 23, Zumaiako Eroski aurrean (Alai auzategia) jarriko dute informazio-gunea eta 16:30etik 19:30erako ordutegian egongo da zabalik.