‘Homosexualak historian zehar’ erakusketak Zumaia bisitatuko du
Hainbat arlotako pertsonaia erreferenteek osatzen dute eta guztiek ezaugarri bera dute komunean: homosexualitatea. Gaurtik urriaren 31ra bitartean, Foronda Kultur Etxean egongo da erakusketa ikusgai.
‘Homosexualak historian zehar’ izeneko erakusketak gaur (astelehena) zabaldu ditu ateak Foronda Kultur Etxean. Gehitu elkarteak antolatu eta Zumaiako Udalak babestu duen erakusketa, urriaren 31ra bitartean egongo da ikusgai Foronda Kultur Etxean, 9:00etatik 20:00etara astegunean eta 9:30etik 13:30era larunbatetan.
31 paneletan banatuta, kirol, musika, literatura zein politika arloko pertsonaia desberdinak agertuko zaizkigu erakusketan, 15 emakume eta 16 gizonezko. Safo Greziako olerkaritik hasi, eta Alejandro Amenabar zinemagilearengainaino iristen da erakusketa historian zehar. Tartean, Alejandro Magno, San Agustin, Katalina Erauso, Virginia Wolf, Federico Garcia Lorca, Martina Navratilova edo Jodi Foster bezalako pertsona ospetsuen biografiak azalduko zaizkigu. Koldobike Mujika Gehituko koordinatzailearen hitzetan, “historia bereziak dira, baina denek komunean dute sexu bereko pertsonenganako maitasuna”.
Erakusketaren helburua pertsonaia horien homosexualitatea ezagutaraztea da. “Historian zehar agerian utzi ez denez, euren homosexulitatea, heterosexual gisa ezagutzen ditugu, eta egoera normalizatzen ez den bitartean aldarrikatu eta ikusgai jarri beharrean gaude”, dio Mujikak.
Horrez gain, erakusketa “hezitzailea” eta “erreferentea” dela gaineratu du koordinatzaileak: “Alde batetik, informatzeko eta hezteko balio du ekimenak eta baita erreferenteak sortzeko ere. Gazte edo nerabe bat bakarrik sentitzen da bere burua homosexualitatera bidean ikusten badu, eta horregatik da garrantzitsua erreferenteak sortzea”.
Udalari eskerrak
Gehituko koordinatzailek eskerrak eman dizkio Zumaiako Udalari eta batez ere, Kultura zinegotzia den Pili Etxaberi, erakusketa Foronda Kultur Etxean jartzeko baimena emateagatik. Etxabek, bere aldetik, eskerrak eurei eman dizkie, aukera hau eskaini dietelako: “bada garaia oztopoak bidetik kendu eta homosexualitatea normaltasunez ikusten hasteko”.



