‘Kultura Zumaian 2020an’ proiektuaren baitan, inkestak egingo dira herriko kultur eragileen artean

2010/11/02

Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean garatuko du proiektua, Kudeatuz programaren baitan.

 

Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, herritarren partaidetza bultzatzeko programa berri bat abian jarriko du datozen egunetan. Kudeatuz programaren baitan, Zumaiako Udalak ‘Kultura Zumaian 2020an’ prozesu parte-hartzailea bultzatu nahi du. Prozesuaren helburua udalerrian eta kulturaren alorreko eragileen artean hausnarketa bat aurrera eramatea izango da.

Prospektiker aholkularitza enpresak Udalarekin lan egingo du Kudeatuz programaren lan ildoak zehazteko eta finkatzeko. Herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko inkestak egingo dituzte herriko kultur eragileen artean, eta azaldu dutenez, datorren astean hasiko dira eragileei inkestak bidaltzen.

Bi eratara erantzun ahal izango da inkesta. Nagusiki, inkesta elektronikoa erabiliko da. Kultur eragileei emailez bidaliko zaie inkestarako gonbitea eta interneteko atari batean erantzungo dute inkesta. Baina inkesta paperean erantzuteko aukera ere izango da. Kasu horietan, Udalak eskutitzez bidaliko ditu inkestak etxeetara eta udaletxean bertan edota Forondan entregatu ahal izango dira behin inkesta bete ondoren.

Inkestarako gonbidapena herriko kultur taldeetan dabiltzan herritarrei bidaliko zaien arren, interesa duen edonork bete ahalko du inkesta. Forondan egongo da eskuragarri inkesta eta bete ondoren bertan entregatu beharko dute parte-hartzaileek.

Udalak proiektu parte-hartzaile honetan euren ekarpena egin dezaten herritarrak animatu nahi ditu. “Guztion artean, epe ertainean kultura arloa herrian nola garatu nahiko genukeen zehazten joateko urratsak izango dira”.