‘Mintzalagun Urola Kostan’ jaia ospatu zuten joan den ostiralean Zarautzen

2010/06/15

Zumaiako Udalak ere parte hartu du egitasmoan, eta herrian bi talde daude martxan Mintzalagun ekimenaren baitan.

 

Joan den ostiralean, ekainak 11, iluntzeko 19:30ean 'Mintzalagun Urola Kostan' programaren ikasturte amaierako jaia ospatu genuen, Zarauzko Gaztelekuan.

2009ko martxoan hasi zen martxan 'Mintzalagun Urola Kostan' programa. Helburu garbia du mintzalagun programak, euskaldun berriak, euskaraz hitz egiteko aukera gutxi duten pertsonak euskaldun zaharrekin harremanetan jartzea eta astean behin euskaraz aritzeko aukera eskaintzea.

Izena ematen duten pertsonekin taldeak osatzen dira (euskaldun berri eta euskaldun zaharrekin, 3 edo 4 pertsonako taldeak) eta astean behin elkartzen dira, euskaraz hitz egiteko. Une honetan 17 talde daude eratuta eta, guztira 60 pertsona inguru ari dira parte hartzen. Programa Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian ari da bideratzen. Zumaian bi talde daude martxan Mintzalagun ekimenaren baitan.

Ikastetxeetan ere Mintzalagun

Aurten, gainera, beste urrats bat egin dute eta eskualdeko lau ikastetxetan ere eskaintza egin dute gurasoen mintzalagun taldeak sortzeko, proba gisa. Ekimen horretan Orioko Zaragueta Herri Eskolak, Zarauzko Antoniano Ikastetxeak, Zarauzko Orokieta Herri Eskolak eta Zumaiako Institutuak hartu dute parte. Hurrengo ikasturtean eskualdeko ikastetxe guztiei egingo diete eskaintza parte hartzeko.

Horrenbestez, ikasturte honen balorazioa “oso ona” da, antolatzaileek azaldu dutenez. “Jarraipen Batzordeak eta parte hartzaileek oso balorazio positiboa egin dute eta, udako etenaren ostean, berriz ekingo diogu programari”.

Ekimen hau antolatzen elkarlanean ari dira Urola Kostako Udal Elkartea, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalak eta Urola Kostako AEK eta Zarauzko Udal Euskaltegia. “Udal Elkartearen izenean eskerrak eman nahi dizkiegu ekimena bideratzen parte hartzen ari diren guztiei eta, bereziki, mintzalagunei”.