‘Mintzalagun’ egitasmoaren hasiera ekitaldia egingo dute ostiralean Zarautzen
Mintzakide egiteko dei egin dute Urola Kostako Mintzalagun elkartetik.
Udazkenarekin batera, Mintzalagun egitasmoa berriro ere martxan jarri da eta ikasturtea ondo hasi dutela ospatzeko, azaroaren 5ean, hasiera ekitaldia egingo dute programan parte hartzen ari diren herritar guztiek. Zarautzen Euskadiko Kutxak duen egoitzan izango da ekitaldia (Zigordia kalean), arratsaldeko 19:00etan. Bertara hurbiltzen direnek Nik egin beharko antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute, umore, akrobazia eta sorpresaz beteriko antzezlana. Ondoren mokadutxoa egingo dute.
Sarrera doan izango da eta edonork parte hartu dezake ekitaldian. Era berean, Mintzalagun proiektua ezagutzeko aukera polita izango da, euskara praktikatzeko zein praktikatu nahi duenarekin aritzeko aukera izango baitute bertaratzen direnek. “Beraz, parte hartzera animatzen zaituztegu”, azaldu dute antolatzaileek.
Mintzakide izateko deia
Bestalde, Mintzalagun programan parte hartuko duten euskaldun zaharrak behar dituztela jakinarazi dute Urola Kostako Mintzalagun elkartetik, eta interesatuek Zarautzen ospatuko den jaialdian izena emateko aukera izango dute.



