‘Ni Zumaiarekin’ kanpainaren barruan, birziklatzeko edukiontziak jarriko ditu Udalak Olarro Egunean

2010/09/17

"Olatua hartu eta birziklatzera" animatu nahi ditu Udalak herritarrak.

 

Olarro Egunaren bezperan gaude dagoeneko eta guztia lotuta dago jada biharko festarako. Festaz gozatu, baina ingurunea txukun mantentzeko asmoarekin, Zumaiako Udalak birziklatzeko edukiontziak jarriko ditu bihar hainbat eremutan. Zehazki, Eusebio Gurrutxaga plazan eta Olarro Egunerako muntatuko diren txosnetan jarriko dira edukiontziak, eta plastikoa, kartoia eta materia organikoa bereizita jasotzeko izango dira. Herri bazkarirako, berriz, edukiontzi handiagoak prestatuko dituzte.

Udalak ‘Ni Zumaiarekin’ egitasmoaren baitan kokatu du egitasmo hau. Abuztu hasieran abian jarri zuen Ingurumen Sailak herritarrak gizabidezko jarreren inguruan kontzientziatzeko kanpaina, eta helburu nagusia da Zumaia erosoagoa, garbiagoa eta atseginagoa egitea.

Beraz, festaz gozatzeaz gain, olatua hartu eta birziklatzera animatu nahi ditu Udalak herritarrak.

Mugi zerbitzua

Olarro Eguna dela eta, Mugi zerbitzua ez da egongo erabilgarri biharko egunez. Igandean, 10:00etatik aurrera, berriro jarriko da martxan.