2018rako izaera soziala duen aurrekontua onartu du udalbatzak

2017/12/28

Guztira 13.634.820€ko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, iaz baino 667.781€ gehiago, hain zuzen. Kirol Patronatuaren kasuan, aurrekontua 1.336.779€koa izango da. Zumaiarren bizi kalitatea hobetu eta bermatzea lehenetsita, proiektu eta programa berritzaile ugari jasotzen ditu aurrekontuak: Nagusien behatokia, Memoria Tailerra, Gazte On programa, Atorgune, Zumaiako Curriculuma, Irisgarritasun Programa, 365 egun euskaraz eta euskararen historia soziala aztertzeko Beka.

Gaur arratsaldean egindako osoko bilkuran 2018ko aurrekontuak onartu ditu Zumaiako Udalak EAJ-PNVren udal gobernuaren eta PSE-EEren babesarekin. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin da.

Horiek horrela, datorren urtean 13.634.820€ko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, 2017an baino 667.781€ handiagoa, besteak beste, Udalak herriko argiteria hobetzeko IDAEko mailegua lortu duelako, Foru Aldunditik diru sarrera handiagoa izango duelako eta kudeaketa on eta eraginkorraren emaitza gisa, gobernu taldeak, legealdi hasieratik hona (2015-2017), Udalaren aurrezki gordina igotzea lortu duelako. Azken bi horiei esker, 2018an, Udalak diru gehiago izango du inbertsioak egin ahal izateko. Halaber, Kirol Patronatuaren kasuan, aurrekontua 1.336.779€koa izango da.

Iaz bezala, zuhurtasun printzipioari heldu dio aurtengoan ere Udalak, beraz, beste behin udal baliabideak eraginkortasunez eta zuhurtziaz kudeatzeko, testuingurura egokitutako aurrekontu errealista eta arrazoizkoa onartu du Udalak.

Oposizioko taldeekin aurrekontu proiektua hobetzeko borondatea

Behin betiko dokumentua osatzeko orduan, gobernuak oposizioarekin aurrekontu proiektua lantzeko eta aztertzeko nahia eta beren proposamenak txertatzeko borondatea azaldu du. Bide horretan. abenduaren 5ean aurkeztu zitzaion oposizioari aurrekontu proiektua, ia hilabeteko epea emanez haien proposamenak landu eta aurkezteko. “Gure nahia izan da oposizioaren proposamenak entzun, aztertu eta jasotzea, helburu dugulako guztion ekarpenekin ahalik eta aurrekontu osatuena eta egokiena osatzea”, azaldu dute gobernuko ordezkariek.

Hori horrela izanik, datorren urteari begira EH Bilduk aurkeztutako 4 proposamen jaso ditu gobernuak behin-betiko aurrekontu dokumentuan: taldeko bozeramailearen liberazio partziala, eraikin publikoetan amiantoa izan dezaketen osagaiak identifikatzeko azterketa, Brankako Eguneko Zentroan ate gehigarria jartzea eta iaz gobernuak abiarazitako Zaintza Beka berreskuratzea.

Horrez gain 3 emendakin ere aurkeztu ditu EH Bilduk. Horietako bik udal gobernuak aurrez jada handitu dituen kontu sailak gehiago handitzea zuten helburu (“Alokairu Beka” eta Hitza), horrenbestez, behin-betiko dokumentutik at gelditu dira. Udalbiltzara ere 10.000€ko kontu saila bideratzea eskatu du udal taldeak, baina Zumaia Eudelen barne egonik, proposamena baztertzea erabaki da.

Proiektu eta inbertsio nagusiak:

Zumaiarrak ardatz hartuta, herritarren bizi kalitatea hobetu eta bermatzea lehenetsita, proiektu eta programa berritzaile ugari jasotzen ditu aurrekontuak: Nagusien behatokia, Memoria Tailerra, Gazte On programa, Atorgune, Zumaiako Curriculuma, Irisgarritasun Programa, 365 egun euskaraz eta euskararen historia soziala aztertzeko Beka. Horrez gain, irisgarritasunari, ongizateari eta hezkuntza arloari loturiko inbertsio garrantzitsuak jaso ditu Udalak aurrekontu dokumentuan. 

Ongizatea (Gizarte Zerbitzuak):

  • “Nagusien Behatokia” (55.000€): Plan Estrategikoaren baitan jasotako ekimena da. Programaren helburua da Zumaian bizi diren pertsona nagusien egoeraren azterketa sakona egitea, horrela adineko zumaiarren ezagutza integrala jaso, haien beharrak identifikatu eta horien arabera, gaur egun dauden zerbitzu eta prestazioak baloratu eta horiek momentuko zein etorkizuneko beharretara egokitzeko. Era berean, adinekoei Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuen berri ematea ahalbidetuko du.
  • “Memoria Tailerra”: adinduek memoria entrenatu eta lantzeko teknika edota ariketa ezberdinak lantzeko programa.
  • “Alokairu Beka”: jarraipena emango zaio gazteen emantzipazioa bultzatzeko iaz sortutako laguntza programari. Kontu saila bikoizten da, 30.000€tatik 63.000€tara.
  • “Gazte On”: gazteei zuzenduta. Programaren helburua da, ikastetxeen eta Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin lotutako auzo-lanetan inplikatu eta sentsibilizatzea eta aldi berean, gazteei haien helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak sustatu eta eskaintzea.
  • “Atorgune”: aniztasun funtzionala duten lagunei zuzenduta. Helburua da asteburuko aisialdi talde bat sortu eta haientzat kultur edota kirol ekimen zein ekintzak garatzea.

Gainerako gizarte arloko laguntza, prestazio eta programei dagokienean, guztiak mantentzea da gobernu taldearen proposamena, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoa hartuta.

Hezkuntza:

  • Sagarbide eraikineko parkearen egokitzapena
  • Hobekuntza lanak hezkuntza publikoko eraikinetan
  • Herriko haurreskolen mantenura bideratutako kontu sailaren bikoizketa
  • Aita Mari haur eskolako aterpea eraikitzeko proiektuaren idazketa (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin sinatutako akordioaren baitan jasoa) eta ondoko parkearen egokitzapen proiektuaren idazketa
  • “Zumaiako curriculuma” garatzeko aurre lanak
  • Maria eta Jose ikastetxearekin sinatutako hitzarmenaren berritzea
  • Antzerkia eskoletan lantzeko ekimenaren jarraipena

Hirigintza:

Plan Orokorraren idazketaren lehen fasea (40.000€). Plan horren garapena Plan Estrategikoaren baitan jasotako proposamena da eta 2019-2020-2021ean jarraipena emango zaio (konpromisu-kreditua du). Guztira, 4 urteetan 450.000€ bideratuko dira Planaren garapenera.

          Irisgarritasunari lotuta

  • Aparkamenduaren erregulazio sistemaren bigarren fasearen exekuzioa: 356.760€. 
  • “Irisgarritasun Programa” (50.000€). Helburua: elkarlan bideak jorratuz, Zumaiako Irisgarritasun taldeak identifikatutako irisgarritasun arazo edota beharrei erantzuna ematea.
  • P. Etxezarreta eremua herritartzeko proiektuaren idazketa
  • San Jose auzoko igogailuaren eraikitzea
  • Larretxon igogailua jartzeko proiektuaren idazketa

         Saneamendua eta ur hornidura sarea:

  •  San Migeleko saneamendua
  • Santiagoko hondartzaren eremuko saneamendua gauzatzeko proiektuaren idazketa
  • Txepetxa eremuko saneamendu sarearen berritzea
  • Arritokietako ponpaketa sistemaren berritzea
  • Juan Belmonte eta Ortiz kaleko ur hornidura sarearen berritzea

       Herriko argiteria IDAEtik (Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energía) jasotako 504.219€ko mailegua

  • Herriko sare elektrikoaren hobetzea
  • Koadro elektrikoaren eguneratzea
  • Hainbat argien doiketa, erregulazioa eta ordezkapena (LED teknologiadunengatik)

Horrez gain, herriko puntu beltzei irtenbidea ematea lehenetsiko du Udalak. Gainera, aldaketa horiei guztiei esker, energia kontsumoa murrizteaz gain, urteko aurrezki garrantzitsu bat lortuko da. 

Kirola:

  • Kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko kontu sailaren bikoiztea (200.000€)
  • Marianton parkea berritzea eta estaldura
  • Haur parkeen mantenurako partidaren bikoizketa

Euskara:  

  • “365 egun euskaraz”
  • “Euskararen historia soziala aztertzeko beka”

Berdintasuna:

  • III. Berdintasun Plana osaketa

Pertsonala:

  • Udaltzaingoan ofizial orde postu berria
  • Kontuhartzailetzan teknikari mailako postu berria
  • Ludotekan langile baten lanaldiaren luzapena
  • Udalaren Arrisku Prebentzioaren Plana

Turismoa:

  • Turismo Plana amaitu eta jarraipena eman

UKUE:

  • Euskara, turismoa edota tokiko ekonomia eta enplegua indartu eta sustatzeko ekimen eta programa desberdinen garapena
  • Hondakin bilketa sistema berriaren exekuzioa