‘Zumaian eskuz esku’ azoka egingo da abenduaren 12an
Kontsumo arduratsuaren alde egiteko antolatu dute Zumaiako Udalak eta Arazi elkarteak. Azoka abenduaren 12an egingo da, eta datorren astelehenean irekiko da produktuak uzteko epea, Algorri Interpretazio Zentroan
Gure gizartean kontsumoaren indarra agerikoa da, herritarrok ahalik eta gehien kontsumitu ahal izatea abantaila bezala ikusten delarik. Mezu hau ez dator bat garapen iraunkorraren irizpideekin, aitzitik, horren aurkako irizpideak isladatzen ditu. Gabonetan kontsumoak duen indarra areagotzen da eta iraunkortasunaren irizpideak alde batera utziz, behar duguna eta behar ez duguna erosten dugu, baliabideen xahuketa eta hondakinen pilaketa bultzatuz.
Honen aurka egiteko asmoarekin, "Zumaian eskuz esku!" bigarren eskuko azoka antolatuko da Bitoriano Arrate plazan, abenduaren 12an, goizez zein arratsaldez (10:00-14:00 eta 17:00-20:00), elkarte zein banakoei erabilitako produktuak saldu edo dohaintzan emateko aukera eskainiz.
Zumaiar guztiek etxean dituzten produktuak salgai jartzeko aukera izango dute, egoera onean izanik eta produktu erabiliak izanez gero. Gordailu-postua izeneko sistema erabiliko da, herritarren produktuak azokaren egunean jaso (9:30-10:00) eta antolatzaileen laguntzarekin salmenta bideratzeko. Bestetik, azaroaren 30etik abenduaren 10era produktuak Algorri Interpretazio Zentroan uzteko aukera zabalduko da.
Salmentan lortutako irabaziak produktuaren jabearentzat izango dira %100ean. Modu berean, herriko elkarte, ikastetxe zein taldeek postua jartzeko aukera izango dute eta horretarako eskaera orria betetzea ezinbestekoa izango da. Bigarren eskuko azokan jartzen diren produktu guztiak erabilitakoak izango dira eta ezin izango da material berria edota stock-ekoa saldu.
Horrela, onartuko dira:
Liburuak, CDak edo pelikulak.
Jostailuak.
Etxe tresna elektrikoak.
Arropa edo ehun gaiak.
Altzariak, kotxe batean modu errazean garraiatzeko aukera izanez gero.
"Bazar" izendapena duten produktuak: lanparak, apaingarriak, etabar.
eta ez dira onartuko:
Telefono mugikorrak, identifikatzeko klabeak direla eta erabileran sortu daitezkeen
arazoak saihesteko.
Obra-hondakinak, hondakin organikoak, industri-hondakinak, garabi baten bidez
mugitu behar diren altzariak edo bestelako elementuak, etxeko hondakin
arriskutsuak, hondakin likidoak gordetzen dituzten bidoiak edo txanbilak, edo
kantitateagatik kontsideratu daitezkeen industri-hondakinak.
Kontsumo arduratsua bultzatuz herritarren bizi-kalitatea bermatu daiteke, ingurumenarekiko ardura
kontuan hartzen den bitartean baino, horretarako, gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa da.
Kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin eta animatu zaitez, denon parte hartzea behar dugu
eta.



