‘Zumaian eskuz esku!’ ekimenaren "balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek

2009/12/24

Zumaiako Udalak bultzatuta, abenduaren 12an egin zen bigarren eskuko azokari esker, herritarren artean produktuak eskutik eskura aldatu ziren. 778 produktu jarri ziren salgai eta ia erdiak saldu ziren.

 

Abenduaren 12an Zumaiako Udalak kontsumo arduratsuaren aldeko 'Zumaian eskuz esku!' bigarren eskuko azoka ospatu zuen Vitoriano Arrate plazan. Ekintza honi esker herritarren artean produktuak eskuz aldatu ziren, batek beharrezkotzat jotzen ez zuen eta egoera onean zegoen produktua beste pertsona baten eskura pasa zen, berrerabilpena indartuz eta era berean baliabideen xahuketa eta hondakinen pilaketa saihestuz.

Produktu guztiak erabiliak izatea ezinbesteko baldintza zen. Liburuak, CD-ak, pelikulak, jostailuak, etxe tresnak, arropak edo apaingarriak bezalako produktuak onartu ziren. Kanpaina hau aurrera eramateko gordailu-postua izeneko sistema erabili zen, herritarrek aldez aurretik Algorri Interpretazio Zentrora eraman zituzten beraien produktuak, bai salgai jartzekoak edota dohaintzan ematekoak. 50 pertsona inguruk hartu du parte, hauetako 13k, produktuak dahaintzan emanez. Azokaren egunean bertan ere salgai jartzeko produktuak jaso ziren eta antolatzaileen laguntzarekin salmenta bideratu ahal izan zen, beti ere jabeak erabakitako prezioan.

 

778 produktu salgai

Azokan 778 produktu jarri ziren salgai eta ia erdiak, 380, saldu ziren. Liburu eta pelikulak izan ziren gehien saldu zirenak (205). Eskuz eskuko salerosketa honetan 1400 euro baino gehiago mugitu ziren. Produktuak salgai jarriz parte hartu zutenek, azoka ospatu ondorengo egunetan, Algorri Zentrora gerturatu eta saldutakoen dirua jasotzeaz gain, saldu gabeko produktuekin zer egin erabakitzeko aukera izan zuten, etxera eraman bueltan edota dohaintzan eman.

 

Bigarren eskuko azoka

 

Herritarrek dohaintzan emandako jostailuak eta arropak Zumaian geratu dira, Gizarte Zerbitzuetan eta Caritas-en. Beste produktuak Emaús fundazioaren laguntzarekin bideratu dira.

Antolakuntza oso gustura dago ekintzak izandako harrera eta partehartzearekin eta alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkie azokan parte hartu zuten herritarrei, "ohiturak aldatuz kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin zutelako".