“Atozte”: aniztasun funtzionala duten herritarrei zuzendutako aisialdi zerbitzu berria
Aipatu ekimena udal gobernuak proposatu eta 2018ko aurrekontuetan jasotako programa berritzaileetako bat da eta helburu du aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorako gazte zein helduei aisialdi, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzea. Ekimenaren xehetasunak eta nondik-norakoak azaltzeko bilera informatiboa egingo da maiatzaren 11n, arratsaldeko 19:00etan Brankan.
Pertsonak eta kasu honetan zumaiarrak izanik udal jardunaren lehentasun eta ardatz nagusia, herritarren bizi kalitatea hobetze aldera, 2018ra begira ekimen berritzaile ugari aurreikusi ditu Udalak, bereziki ongizate arloan.
Bide horretan, oraingoan aniztasun funtzionala duten pertsonak hartu ditu ardatz eta “Atozte” izenarekin, haiei zuzenduriko aisialdi zerbitzu berria jarriko du martxan.
Aipatu zerbitzu berri hori, 2018ko udal aurrekontuetan jasotako proposamena da eta helburu du aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorako gazte zein helduei aisialdi, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzea, besteak beste, haien autonomia bilakaera garatu, familia giroan edota gizartean oro har elkarbizitza egokia lortzeko gaitasunak hartu edota herriko ekintzetan haien parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko.
“Atozte” programa aniztasun funtzionala duten lagunei eskainia badago ere, programa horren baitan boluntario sare bat bultzatu nahi da aisialdi aukerak pertsona hauei zein haien senitartekoei zabaltzeko. Ildo horretan, herriko elkarte, talde edota eragileei parte hartzeko aukera ere zabaltzen zaie aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako ekintza berriak diseinatu eta sustatzeko edota ekintzak antolatzeko orduan pertsona horiek ere aintzat hartu ditzaten.
Edonola ere, zerbitzu berri horren zehaztapen eta nondik-norakoak azaltzeko bilera informatiboa egingo du Udalak datorren maiatzaren 11n, arratsaldeko 19:00etan Brankan eta bertan parte hartzera gonbidatzen ditu aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorakoak zein haien senitarteko edota interesa duten herritar guztiak.



