“Edozein giza eskubideren urraketa jasan dutenak in memorian gorde ditzagun”

2010/07/26

Joan den ostiralean egin zien Udalak indarkeriaren biktimei omenaldia. "Biktimen oroitzapena gordetzearen garrantzia” azpimarratu zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak.

 

“Gure herrian bizi izan ditugun giza eskubideen urraketek memoria behar dute izan, berriz gerta ez daitezen. Eta horixe da plaka honen bidez gogora ekarri nahi duguna: eraildakoak gogora ekartzea, injustizia batean erori diren familiei elkartasuna adieraztea, mehatxatutakoei, torturatutakoei edota bahitutakoei. Eta azkenik desioa: hau gehiago gertatuko ez denaren esperantza. Uxatu ditzagun armak, balak eta bonbak, eta horren ordez erabil ditzagun hitzak, errespeta ditzagun giza eskubideak”. Horrela mintzatu zen Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea joan den ostiralean Zumaian egin zen indarkeriaren biktimei zuzendutako omenaldian.

In memorian_plaka

Paolbiderako sarreran jarri dute 'In memorian' plaka.

Udaleko Alkatetzak aurrera eramandako ekitaldian, ETAk hildako zenbait zumaiarren senideak izan dira, eta baita ordezkari politikoak; besteak beste, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria. Atentatuan hildako zumaiarren senitartekoei errekonozimendua eta elkartasuna erakutsi zieten bertan bildutakoek. Dantzariek aurreskua dantzatu zieten, eta Beheko Plaza abesbatzak hainbat abesti kantatu zituen.

Ezker abertzaleko udal taldeak, bere aldetik, ohar bat plazaratu zuen omenaldiaren harira.