“Etxeko hondakinen % 80 gutxienez berreskuragarria da”
Hondakinen Aholku Batzorde Herritarraren hirugarren saioa egin zuten urriko lehendabiziko asteburuan eta hondakinen murrizketa izan zuten hizpide. Hurrengo saioa azaroaren 6an egingo dute, 10:00etan Brankan.
Urriaren lehendabiziko larunbatean elkartu zen hirugarrenez Hondakinen Aholku Batzorde Herritarra eta hondakinen murrizketa izan zen hausnartu eta eztabaidatu zuten gaia. Hala, hondakinen murrizketaren inguruan aritu ziren, egunero sortzen ditugun hondakinak murrizteko martxan jar litezkeen ekimenak ezagutu eta Zumaian nondik has litekeen aztertzea helburu hartuta.
Usurbilgo Hondakinen Jarraipen Batzordeko Joxe Mari Irazusta eta Ainhoa Arrospidek parte hartu zuten saioan eta besteak beste, gaiaren larritasunaz eta egoera orokorraz jabetzeko, zenbait daturen berri eman zuten; hala nola, egunero 5,3 milioi tona etxeko hondakin sortzen dela munduan, edota IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2030erako % 45 handituko dela energia eskaera. Horrez gain, eta oro har administrazioek hondakinen murrizketarako neurriez hitz egiten duten arren, errealitatean, “ezer gutxi” egiten dela nabarmendu zuten. Hala eta guztiz, etxeko hondakinen % 80 gutxienez berreskuragarria da haien arabera, nahiz eta Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorrak gaikako bilketa % 42,62ra iristea jartzen duen helburu eta muga gisa. “ Zergatik tope hori, askoz gehiago berreskuratzerik egonda?”.
Egoeraren analisiarekin batera, hondakinen murrizketa bultzatzeko Zumaian martxan jar daitezkeen esperientziak aztertu zituzten herritarrek. Autokonpostajeak, adibidez, murrizketan eragin gehien izango luke; sortzen ditugun hondakinen % 40-42ak suposatzen baitu materia organikoak, eta konpostak ongarria ematen dio lurrari. Zumaiako kasuan, azaldu zutenez, autokonpostatzen dutenek ez dute laguntza teknikorik; aldiz, atez ateko bilketa abian duten herrietan autokonpostatzen dutenek urtean behin, gutxienez, Udaleko teknikari baten bisita izaten dute. Ildo beretik, autokonposta Diputazioak bultzatuta egiten denean (Zumaiako kasua) % 13 konpostatzen dela aipatu zuten; aldiz, herriak berak sustatzeko politika aktiboak erabiltzen direnean ehunekoak askoz altuagoak dira: % 56 Oiartzunen eta % 80 Usurbilen.
Horrez gain, ontziratu gabeko produktuak erosteko aukerak sortu beharko liratekeela ondorioztatu zuten bileran bildutakoek (esne hornigailuak, xaboiak…). Dendetan tuperrak edota poltsa berrerabilgarriak erabiltzea ere bultzatu beharko litzateke, eta Udalak zenbait ardura ere hartu beharko lituzkeela ondorioztatu zuten, besteak beste.
Hurrengo saioa azaroaren 6an
Prozesuak irekita jarraitzen du eta azaroaren 6an elkartuko da berriro Hondakinen Aholku Batzorde Herritarra. 10:00etan izango da bilera Branka Gizarte Zerbitzuen Zentroan eta hondakinen kudeaketa-eredu desberdinak aztertuko dituzte: atez ateko bilketa sistema, bosgarren edukiontzia eta erraustegia. Azaroaren 6ko bileran parte hartu nahi duten herritarrek aukera izango dute eta horretarako, idatzi ingururugiro@zumaiakoudala.net helbidera edo deitu 943865033 telefonora (Aitor Ibarguengoitia, Ingurumeneko teknikaria). Josep Maria Tosten hitzaldiaren zati batekin hasiko dute hurrengo saioa eta nahi izanez gero hitzaldia hemen kontsultatu dezakezue aurrez. Kataluniako Riudecanyes herriko alkatea da Tost (CIU-koa), Associació De Municipis Catalans Per A La Recollida Porta A Porta elkarteko lehendakaria eta Tarragonako Aldundiko Ingurugiro diputatu ohia.
Azaroa bukatu bitartean jarraituko du hausnarketa faseak eta ondoren, abenduan, prozesuaren balorazioa egingo dute. Hausnarketatik ateratako ondorioak garatuko dira, gero ordezkari politikoei aurkeztuko dizkiete, azkenik.



