“Inondik Inora” eta “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” antzezlanak izango dira ZUbi ekimenak 2018an bultzatuko dituen bi obrak

2017/12/11

Aurkeztutako 16 proposamenetatik bi horiek izan dira ZUbi deialdiko 4. edizioko aukeratuak. Aipatu ekimenaren helburua da euskal sortzaile berriei bultzada ematea.

Joan den larunbatean, hilak 9, Durangon egindako prentsaurrekoan eman zen ZUbi ekimenaren 4. edizioan laguntzeko hautatuak izan diren bi antzezlanen berri: Benetan Be antzerki taldearen “ Inondik Inora” eta Rubik konpainiaren “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” antzezlanak, hain zuzen. Bertan izan ziren ekimenaren ordezkari gisa, Zumaiako Aita Mari Antzokiko Miriam Romatet, Kulturaz  Azpeitiako Kultur Koperatibatiko Aitor Bengoetxea eta Durangoko San Agustin Kulturguneko Arantza Arrazola.

ZUbi euskal antzerki sortzaile berriei bultzada emate aldera sortutako ekimena da eta duela zenbait urte, hainbat eragile euskal antzerki sorkuntza profesionalaren egoerari buruzko kezka, uste eta iritziak elkartrukatzeko hasi zituzten bileretan du jatorria. ZUbi osatzen dute, hain zuzen: Zumaiako Aita Mari Antzokiak, Durangoko San Agustin Kulturguneak, Kultur Leioak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Zornotza Aretoak, Elorrioko Arriola Antzokiak,  Artedramak eta aurtengo honetan sartu berri diren Kulturaz Azpeitiako Kultur Koperatiba eta Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunea.

Horiek horrela, sortzaile berriek profesionalizatzeko dauzkatzen zailtasunetaz jabetuta, urtero antzezlan bat aukeratzen dute taldekideek horri bultzada emateko. Aurten, urriaren 21etik azaroaren 30a arte egon da zabalik proiektuak aurkezteko aukera eta inoiz baino proposamen gehiago jaso dira, guztira 16, hain zuzen. Azken 3 edizioetan urteko antzezlan bat aukeratu dute baina aurtengo obren mailari erreparatuz, 2018ra begira bi antzezlan laguntzeko erabakia hartu dute, ordezkarien hitzetan "gure filosofiarekin bat datozelako, proiektu osoak direlako, duten egingarritasunagatik eta bereziki  interesgarri bezain erakargarri iruditu zaizkigulako". 

Bi antzezlan hautatuek zehazki, aholkularitza artistiko eta administratiboan jasoko dute laguntza, baita produkziorako diru ekarpenean eta areto bakoitzeako emanaldi baten kontratazioan (10 guztira).

ZUbi ekimenaren elkarlanari esker, 2013an, Dxusturi Teatroaren “Konpota” , 2015ean Lauka Teatroaren “Amodioaren Ziega” eta 2017an, oraindik oholtzaz oholtza dabilen Beheko Larraineren “Atte Hil Aurretik” antzezlana lagundu eta bultzatu dira.