“Nagusiekin Nagusientzat” egitarau anitz bezain zabala aurkeztu du Udalak

2018/05/14

Tailerrak, hitzaldiak, jolasak edota ibilaldiak dira, besteak beste, aipatu ekimena ospatzeko antolatutako ekintzetako batzuk. 89 urteko nagusien omenaldia, halaber, ekainaren 17an egingo da, 12:00etatik aurrera Hogarrean.

Urtero bezala, Zumaiako Udalak eta Nagusien Mahaia osatzen duten kide guztiek ekintzez josiriko egitarau anitz eta zabala prestatu dute aurtengo Nagusiekin Nagusientzat ekimena ospatzeko.

Maiatzean hasita ekaina amaiera arte, hainbat eta hainbat ekintza eta ekitaldi egingo dira herrian 65 urtetik gorako lagunei zuzenduta, horien artean, tailerrak, hitzaldiak, jolasak…

Maiatzean esaterako, “Oroimenaren Tailerra” egingo da, astelehenero, 16:30ean Hogarrean, non, parte hartzaileeek memoria entrenatu eta lantzeko teknika edo ariketa ezberdinak landuko dituzten.

Halaber, asteazkenero, tipi-tapa ibilaldiak abiatuko dira, goizeko 10:00etan, Beheko plazatik, kirola adiskide artean, modu entretenigarrian egiteko aukera eskainiz.

Horrez gain, maiatzaren 22an “adinik gabeko sexualitatea” deituriko tailerra eskainiko da eta 29 eta 30ean, aldiz, erorketak saihesteko beste bat, biak Hogarrean eta gazteleraz.

Ekaina jolasean hasi eta igaroko dute nagusiek. Hilaren 1ean, igel eta toka jokoak egingo dituzte eta 11tik 14ra bitartean, mahai jokoez gozatu ahal izango dute Hogarrean. Hilaren 4, 11 eta 18an, halaber, maiatzean egin bezala, memoria lantzen jarraitu ahal izango dute “Oroimenaren tailerra”ren bitartez, baita kirola taldean egiten ere, asteazkenetako tipi-tapa ibilaldietan.

Ekainean zehar, gainera, hitzaldia, irakurketa saioa eta Otezuri eta San Juan egoitzara bisitak ere egingo dituzte. Bisiten kasuan, Brankako eguneko zentroko eta apartamenduetako erabiltzaileak joango dira.

Tailerretan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Brankan udal gizarte zerbitzuen eraikinean edo 943 86 22 00 telefonoan. Jokoetan parte hartzeko, aldiz, interesdunek Hogarrean eman beharko dute izena maiatzaren 21etik 25era bitartean.

89 urteko nagusiei omenaldia

Nagusiekin Nagusientzat programaren baitan ezin falta,  urtero 89 urteko nagusiei egiten zaien omenaldia. Hori da, zalantzarik gabe, egitarauko ekintzarik arrakastatsuena, baita hunkigarriena ere. Ekainaren 17an egingo da, 12:00etatik aurrera Hogarrean.

 

Egitarau osoa ikusgai HEMEN