“Ongi etorriak izan zaiteztela Zumayako euskal-festetara”
Abuztuan, beste zenbait ospakizunen artean Euskal Jai eguna izaten da Zumaian. Herri askotan ospatzen den eguna da, baina non du oinarria jai horrek?
Anton Abadia Urrustoi (Dublin 1810 - Paris 1897) politikari, diplomatiko eta euskal kulturaren sustatzaile ezaguna izan zen “Fiestas Euskaras” izeneko jaien sortzailea. Helburua euskal ohiturak eta folklorea goraipatzea zen. 1853. urtean ospatu ziren lehen aldiz Urrugnen (Lapurdin), eta bertan hamar urtez jarraian burutu ondoren (1853-1863), 1863tik 1876ra Saran eta 1877an Donibane Lohizunen izan ziren zitak. Ondoren, Euskal Herri guztira zabaldu ziren. 1893an Azpeitian ospatu zirenean arrakasta handia izan zuten, eta, hori ikusirik, 1896tik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Fiesta Euskaras” antolatzeko ardura bere egin zuen. Urte horretan bertan, uztailaren 5ean, Arrasaten ospatu ziren eta azaroan, jai horiek, urtero, Gipuzkoako herri desberdin batean egitea erabaki zen.
Zumaian 1900. urtean ospatu ziren gaur egungo Euskal Jaien aitzindari izan ziren “Fiestas Euskaras”. Antolaketaren ardura Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu ondorengo bosgarren herria izan zen. Irailaren 22tik 25era luzatu ziren ospakizunak, zenbait prestaketa lan eskatzen zituzten Udalaren aldetik. Artxiboko Akta liburuetan ikusi dugunez, urte bereko apirilean hasi ziren jaien inguruan lanean, eta maiatzaren 19an festaren ardura izango zuen batzordea osatu zen. Lurreko ekitaldien ardura Esteban Aranguren Alkateak eta Estanislao Etxabe, Juan Olaizola, Ramon Erkizia eta Manuel Zubia zinegotziek hartu zuten. Itsasoko ekitaldietarako ardura ,berriz, Agustin Arrizabalaga, Pedro Olaizola eta Jose Antonio Iraundegi zinegotziek hartu zuten.
Jai egun horietan herria dotore agertzea garrantzitsua zen agintarientzat. Horrela izan zedin, erabaki eta neurriak hartu ziren iraila aurreko hilabeteetan: herriko etxeak zuritzea, Odieta pilotalekuan zenbait konponketa eta hobetze lan egitea, festa egunetan herriko zenbait txoko (Plaza Nagusia, Odieta pasealekua eta portuko moila) argiztatzeko 120 bonbilla gehiago jartzea eta Bilbotik paperezko 300 faroltxo ekartzea… Festen aitzakian, herriaren ikurrina egitea ere erabaki zen. Jai egunetan, herriko sarreran, oihal zintzilikari eta ikurrina ikusgarriak jarri ziren eta hiribilduan erramuz eginiko arku eder batek ematen zuen ongi etorria ondorengo hitzekin:
Bizi bedi euskera.
Gipuzkoako ekautari jaunai
eta Euskal-itz-jostaldien Batzarreari
Zumayako erriyak.
Erbestetako anaiak:
Ongi etorriak izan zaiteztela
Zumayako euskal-festetara.[1]
Euskal giroko jaiak gozatzeko asmoarekin Zumaiara gerturatu zirenek egitarau oparoa izan zuten: abere eta baserriko produktuen lehiaketa, Elizkizun desberdinak (San Pedro parrokian 17 urte zituen Jose María Beobide gazteak espreski konposatutako Salbea, prozesioak, mezak…), Ordiziako auzo zen Lorenzo Pujanak zuzendutako euskal dantza ikuskizunak, karmeldar oinutsek zuzentzen zuten nesken eskolan joste-lanen erakusketa, Udal Musika Bandaren kontzertuak, topaz beteriko oturuntzak, agintarien aurresku eta atzeskua, Pello Errota, Olegario, Txintxua eta Urkia bertsolariak, irrintzi lehiaketa, su artifizialak, korrika lasterketa, musika eta literatur lehiaketa, euskarazko irakurketak, danbolin-joleen lehiaketa, kukaña, estropada, aizkolari lehiaketa, gaita eta dultzaina lehiaketa….
Arrakasta handiko jai egunak izan ziren. Aurreikusita zegoena baino bisitari gehiago jaso zituen herriak eta ostatu gisara ezarri ziren bi barrakoiez gain, itsasontzien masta eta haize-oihalez inprobisatutako zenbait kanpin denda altxa behar izan ziren. Euskal Herri guztiko txokoetatik etorritako euskaldunak elkartu ziren eta Zumaian sentimendu abertzalea bultzatu eta pizteko jai garrantzitsuak izan ziren.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)
*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.
[1] Euskal-Erria: revista vascongada (1900 irailaren 30) año XXI Tomo XLIII