300 neska-mutiko inguru bildu ziren atzo Bertso Eskolen Egunean

2012/05/07

Atzo, Gipuzkoa osotik etorritako haur eta gazteak hartu zuten Zumaia. Denak helburu berarekin etorri ziren, aurtengo Bertso Eskolen Eguna ospatzea; eta giro ederrean ospatu zuten.

300 haur inguru batu ziren atzo ospatu zen Gipuzkoako Bertso-eskolen VIII. Egunean. Goizeko hamarretarako Eusebio Gurrutxaga plazan kolore gorria nagusitu zen, gorria izan baita aurtengo kamisetaren kolorea, olagarro baten irudia daramana. Lehen unetik giro ederrean ospatu zuten Bertso-eskolen eguna. Lip-dub-a grabatzea izan zuten lehen egitekoa. Taldetan banatu ziren Zumaiako kale ertz desberdinetan, eta aldez aurretik propio prestatuta zekarten abesti bat dantzatzeari ekin zioten. Talde bakoitzak bere koreografia prestatu zuen, ondoren kamara iristean gauzatu zutena.

Bapo bazkaldu ondoren, Jon Urbieta DJ-ak dantzan jarri zituen hainbat neska-mutil. Arratsaldeko lauretan  Maria eta Jose ikastetxean batu ziren Josu Goikoetxea gidatutako bertso-trama entzuteko. Maialen Lujanbio, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi aritu ziren bertsotan, eta baita asmatu ere gaztetxoengana iristen. Saio bizia eta umoretsua izan zen.

Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko transmisio eragilearen hitzetan, eskertzekoa da hainbeste lagun animatu izana gurekin eder hau ospatzera, eta eskerrak eman nahi izan dizkie begirale lanetan aritu diren Bertso-eskoletako irakasle zein arduradunei. “Haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke egun hau ospatu ahal izatea”. Bide beretik, Zumaiako Udala, Foru Zldundia eta Zumaiako Bertso-eskola goraipatu ditu, ezinbestekoa izan delako egin duten ekarpena, bakoitzak beretik. Zumaiako herritarrek erakutsi duten jarrera ezin hobea ere aipatu du. “Egin ditugun jolas eta ekintza guztietan laguntzeko borondotea erakutsi dute”. Beldur baziren ere, azkenean eguraldi ederra izan zuten,  eta horrek ere asko lagundu du prestatu duten egitaraua gauzatzerakoan.

 

Gipuzkoan, bertso ahoz aho

Zumaian elkartu ziren neska-mutikoetatik asko hezkuntza arautuan 'Gu ere Bertsotan' proiektuaren barne egiten duten lanaren uzta dira. Pozik daude egiten ari diren bidearekin. “Hamaika irakasle ari dira hezkuntza arautuan lanean Ahozkotasuna eta Bertsolaritza izeneko proiektuarekin lanean, beste mordo bat Gipuzkoako Bertso eskoletan, eta gaurko eguna ere bada ahalegin horren ondorio”. Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat garantzi handiko eremu estrategikoa da transmisioa, horregatik, aurrerantzean ere bide berean lanean jarduteko borondatea eta konpromisoa agertu dute.