35 inkesta jaso ditu Euskara Zerbitzuak merkatarien eskutik

2010/06/25

Erantzun dutenen artean, gehienak ostalaritzako eta edergintzako establezimenduak izan dira. Zozketa egin ondoren, Ana Lujanek irabazi du Zelai Talasoterapiako saria.

 

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzua merkataritzan euskara bultzatzeko asmoz, zumaiarron hizkuntza-jokabideak ezagutzeko eta honen inguruan pentsarazteko ekimena garatzen ari da aurten. Martxoan, zumaiarrok kontsumitzerakoan zein hizkuntza erabiltzen dugun aztertu zuen, inkesta baten bidez. Eta orain, berriz, merkatarien txanda da. Merkatariek, saltzerakoan, zein hizkuntza erabiltzen duten aztertzeko egin da inkesta.

Guztira, 35 inkesta jaso dituzte Euskara Zerbitzukoek (245 inguru banatu eta gero); horietatik 23 euskarazko ereduan erantzundakoak izan dira, eta 12 gaztelaniazkoak. Erantzun dutenen artean 26 emakumeak izan dira eta 6 gizonezkoak (gutxi batzuek ez dute zehaztu). Adinari dagokionez, gehienak 31-48 urte bitartekoak izan dira (18 lagun), beste 11 lagun 49-65 bitartekoak eta 5 besterik ez 16-30 bitartekoak. Jarduera edo sektoreari dagokionez, gehienak ostalaritzakoak (6) eta edergintzakoak (beste 6) izan dira, eta gainekoak janari-dendak (4), arropa-dendak (3), osasunarekin lotutakoak (3), zerbitzuak (3) eta beste era bateko dendak (6).

Emaitzak eta ondorioak aurrerago plazaratuko ditu Euskara Zerbitzuak.

Ana Lujanek irabazi du saria

Inkesta erantzun dutenen artean zozketa egin da eta Kresala tabernako Ana Lujan izan da sariaren irabazlea. Lujanek Zelai Talasoterapiako bi lagunentzako bazkaria eta talasoterapia saiorako bonoa eskuratu du.