% 48ko parte hartzea etxean konpostatzeko lehen kanpainan

2011/02/10

Baserrietan, parte hartzea apalagoa da, askok organikorik ez dutelako soberan.

 

2010 urte bukaeran hasi zen konpostaje-kanpaina, eta Zumaiako Udala oso pozik dago orain arteko harrerarekin. Udalaren helburu nagusia kanpaina sustatzerakoan, hondakin organikoen murrizketa izan da. Izan ere, zelai partikularra dutenek, etxean eta baratzean sortzen dituzten hondakin organikoak etxean bertan kudeatuz gero asko hobetuko da hondakinen kudeaketa:

-  Konpostatzen dutenen etxeetan hondakinak %47 inguru murriztuko dira

-  Etxe horiek materia organikorik gabeko hondakinak sortuko dituzte: gaikako bilketa garbiagoa (ontziak, papera, e.a. bereizita bildu)

- Urteta zabortegira oso zabor gutxi, eta zero zabor organiko.

 Azken  urteotan egin diren konpostaje-kanpainen emaitzak beheko taulan laburtuta daude:

 

Autokonpostajea Zumaian. Urola-kosta (2005-09) eta Udaletxeko kanpaina (2010-11)

 2010-11-ko Udaletxeko kanpaina      
 Etxebizitza mota Konpostatzaile potentzialak   izen-emateak  Potentzialaren %
                          Baserria                                     76                 19                       25
                          Etxebizitza                                    96                 46                       48

 

Banaturiko ontziak  2005-2010  2011
 Urola-Kosta  38  
 Zumaiako Udala    35

 

Kanpaina berri horretan 65 lagunek  eman dute izena. Bestalde, Udalak 35 konpostontzi berri banatu ditu, eta ontzia eduki arren, jarduera utzita zeuden batzuk berriro konpostatzen hasiko dira.

Aipagarria da baserri ez diren etxebizitzen erdiak izen eman duela. Baserriei dagokienez, kanpaina honek erakutsi du baserri gehienetan ez dela honelako sistemen beharrik ikusten. Horren arrazoi nagusia da ez dutela materia organikorik soberan. Material hori beti aprobetxatu izan da baserrietan, nahiko abere izaten baita elikatzeko.

Bestalde, autokonpostaje ikastaroak herrian bertan antolatu dira lehen aldiz, eta parte hartzean izandako arrakastak erakutsi du herrian badagoela gai horren inguruan interesa. 60 izan dira saioetan parte hartu dutenak. Interesa duten askok baratza etxetik kanpo dute, eta konpostajea horiengana zabaltze arren, Udala etorkizunean konpostaje komunitarioa sustatzeko aukera aztertzen ari da. Udaletik egokiak ikusten dira landa-lurrera begira dauden hainbat auzo: Talaimendi, Juan Belmonte kaleko etxebizitza batzuk, Itzurun Zuhaizbideko etxebizitza batzuk, San Telmo kalea, Narrondo,Oikia, e.a.

Eskolak

Bestalde, Udaletik antolatutako Konposta Eskolara programaren barruan eskoletara ere eraman nahi izan da konpostatzea. Ikasleek konposta zer den, bere onurak eta nola egin ikas dezaten, hainbat konpostontzi sistema abian jarri eta jarraipena egingo zaie.

Jarraipena

Kanpaina honetan jarraipena egingo zaie konpostatzen dutenei, eta bisitak martxoan hasiko dira. Bisita horien helburu nagusia da ikustea herriko etxeetan konposta egiteko erabiltzen diren modu desberdinak, eta informazio erabilgarria elkar trukatzea. Pentsatzen da horrek konpostarekiko interesa mantentzen lagunduko duela, eta egiten den konpostaren kalitatea ere hobea izango dela.

Zabor-tasa

Udaletxetik gogorarazi nahi da, konposta egiten dutenen artean kanpaina honetan izen eman ez duenik baldin badago, izen ematea beharrezkoa dela zabor-tasan beherapena jasotzeko. Kanpainak irekita jarraitzen du, eta konpostontziak ere badaude oraindik banatzeko. Eta taldetxo bat osatuz gero ikastaro berriak ere antolatuko dira.