564 pertsona daude Zumaiako XXVI. Herri Lasterketarako izena emanda

2010/04/21

Larunbat honetan jokatuko da proba, 17:00etan hasita. Gernika ibilbidetik abiatuko dira lasterkariak eta 10.200 metroko ibilbidea egingo dute.

 

Ziklogenesiak eraginda, martxoan jokatzekoa zen Zumaiako XXVI. Herri Lasterketa atzeratu beharrean aurkitu ziren antolatzaileak. Apirilera atzeratu zuten lasterketa eta hala, larunbat honetan, hilak 24, jokatuko dute.

Dagoeneko 564 pertsona daude izena emanda eta egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da. Gernika ibilbidetik abiatuko dira lasterkariak arratsaldeko bostetan eta orotara, 10.200 metroko ibilbidea egingo dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aldaketa txiki bat egongo da ibilbidean: “Erribera kalea irekita dagoenez, bertatik pasako dira orain lasterkariak. Lehen moilatik barrena geneukan zehaztuta ibilbidea, baina orain Erribera kalea zeharkatuko dute, Eusebio Gurrutxaga plazaraino”.

Trafikoan mozketak

Lasterketa dela eta, 17:00etatik 18:00etara bitartean itxita egongo da trafikoa Txomin Agirre kaian. Aparkatzeko, berriz, autoak Estazioko kalean uzteko gomendatu diete antolatzaileek lasterkariei. Gero, oinezkoen pasabidetik oinez joan daitezke lasterketaren irteerara.