Abenduaren 10ean zabalduko da kiroldegiko ikastaroen 2. hiruhilekoan izena emateko epea

2018/12/07

Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez. Ohiko den moduan, igeriketako saioak eta lehorrekoak izango dira, horien artean, arrakasta handia duten zumba, TRX, total training eta cycling ikastaroak.

Urtea amaitzear dugu eta laster zabalduko da kiroldegian bigarren hiruhilekoan izena emateko epea, aukera paregabea Gabon jaietako jaki goxoak jan ondoren kirol pixka batekin forma berreskuratzeko. Horretarako, ohikoa den bezala ikastaro egitarau zabala eta anitza antolatu dute kiroldegiko arduradunek lehorreko zein uretako jarduerekin. Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta adin guztietako zumaiarrek, bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Interesdunek kiroldegian izena emateko aukera izango dute, gustukoen duten ikastaroan, abenduaren 10etik aurrera. Ikastaroak hiruhilekoak izango dira: urtarrilaren 7tik martxoaren 22ra, alegia.   

Lehorreko jarduerak

Cycling, pilates, aerobic, total training, TRX, GAP eta Zumba fushion ikastaroak dira kiroldegiak eskaintzen dituen lehorreko jarduerak.

Horiez gain, haur eta nerabeentzako Zumba klaseak ere mantenduko dira. Azken horiek hiru adin multzotan banatuta eskainiko dira: 6-8 urteko haurrak, 9-12koak eta 13-15ekoak, hain zuzen.

Uretako jarduerak

Igeri egiten ikastera animatzen direnentzat ere izango dira ikastaroak. Igeri egiten ikasteko inoiz goizegi ez denez, 6 hilabetetik aurrerako haurtxoek ere izango dute igeri egiten ikasteko aukera. Bestalde, 3 urtetik gorako haurren ikastaroei jarraipena emango zaie eta helduei dagokionez, igeri egiteko trebetasunaren arabera lau talde osatuko dira: hastapena, erdi maila, hobekuntza eta hobekuntza +.