Abenduaren 14an egingo da Aurrekontuen Batzorde Herritarra

2009/12/09

Urrian abiatu zen parte-hartzean oinarritutako aurrekontuen prozesua eta ia ehun herritarrek parte hartu dute egitasmoan. Horrekin batera, 150 proposamenetik gora jaso dira dagoeneko eta orain, horiek herriak dituen beharren arabera lehenestea izango da eragileen zeregina.

 

Parte-hartzean oinarritutako aurrekontuen prozesuaren bidez, ekarpen ugari jaso ditu Zumaiako Udalak dagoeneko. Urrian abiatu zen prozesua eta auzokako, arlokako eta teknikarien arteko bilerak egin dira gaurdaino. Ia ehun herritarrek parte hartu dute prozesuan eta 150 proposamenetik gora jaso dira. Estalitako gune baten beharra, Alde Zaharraren dinamizazioa, auzoetan irisgarritasuna bermatzeko neurriak hartzea, hirigintza politikaren gaineko hausnarketa, zaintza zerbitzua, edota euskara arloko eragileen arteko sare sozialaren osaketa dira, aurtengo prozesuan jaso diren ekarpenetako batzuk.

Orain, proposamen horiek, herriak dituen beharren arabera lehenestea izango da eragile guztien zeregina. Horretarako, abenduaren 14an egingo da Aurrekontu Batzorde Herritarra udaletxean. 19:00etan hasiko da batzarra eta prozesuan parte hartu duten herritar zein eragile guztiak daude gonbidatuta.

 

Aurrekontu Batzorde Herritarra

Eguna: Astelehena, abenduaren 14a.

Tokia: Udaletxeko pleno aretoa.

Ordua: 19:00ak.