Abian da pertsona nagusientzako Opor Programarako izen-ematea

2010/05/17

Ekainaren 20an amaituko da Imsersok antolatutako programan izena emateko epea. Izen-emateak Branka Gizarte Zerbitzuen departamentutik bideratuko dira.

 

Pertsona nagusien ongizatea bultzatu nahian, Imsersok hainbat bidaia antolatzen ditu, "pertsona nagusiek ere ongi merezitako oporrak goza ditzaten". Era horretan, hainbat motatako bidaiak antolatzen dituzte eta aurtengo deialdia ere dagoeneko irekita dago.

Programa honetan parte hartzeko ondoko baldintzak bete behar dira: 65 urte baino gehiago izatea; Pentsioen Sistema Publikoko pentsioduna izatea; alarguntasunaren ondorioz pentsiodun izatea, 55 urte edo gehiagorekin; edota ezintasunaren, beste pentsio batzuen edo aurre-jubilatu pentsioduna izatea, baldin eta 60 urte beteta badituzu. Horrekin batera, bere buruaz arduratzeko gai izan behar dute parte-hartzaileek.

Aurtengo jomugen artean daude, Andaluzia, Katalunia, Balear eta Kanariar Uharteak, Frantzia edota Portugal, besteak beste. Horiez gain, kultura edota naturarekin lotutako bidaiak ere egin ahalko dira eta egonaldiak era askotakoak izan daitezke; 8 egunekoak, 10ekoak, 15 egun edota 29 egunekoak.

Apuntatzen direnei ondorengo zerbitzuak eskainiko zaizkie: joan etorriko bidaia, ostatua pentsio osoko erregimenean (Pariseko bidaian salbu), taldearen aseguru poliza, osasun zerbitzua, eta animazio programa.

Izen-ematea eta informazio gehiago

Programa honetan izena emateko, Branka Gizarte Zerbitzuen egoitzara joan eta inprimaki bat bete beharko da. Internetez ere eskuratu daiteke inprimakia, https://sede.imserso.gob.es/ webgunearen bidez. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 20an bukatuko da. Informazio gehiagorako Branka Gizarte Zerbitzuen egoitzara jo dezakete interesatuek.