Abian da Zumaiako merkatarien ginkana

2019/05/25

Ekimena ekainaren 8a bitartean egongo da martxan eta elkarteko dendetan erosten duten bezeroek 100€ko 3 erosketa txartel irabazteko aukera izango dute. Ginkanaren helburua da tokiko merkataritza zein kontsumoa indartzea eta horretarako, sariez gain, ekainaren 1ean, kaleak dinamizatzeko egitarau berezia antolatu du Gertu merkatari elkarteak.

Zumaiako merkatarien elkarteak, Gertuk, alegia, ekintza andana antolatzen ditu urtean zehar tokiko merkataritza indartu eta bultzatzeko xedez.

Eta hain zuzen helburu horri helduta, oraingoan Zumaiako Merkatarien Ginkana ekimen berria aurkeztu du, ekainaren 8a bitartean egongo dena martxan.

Aipatu ekimenaren bitartez, Gertu elkarteko dendetan erosten duten bezeroek esku-orri bat jasoko dute eta helburua izango da esku-orri hori elkarteko kide diren 4 establezimendu ezberdinetako zigiluekin betetzea. Zigilua lortzeko ez da erosketa kopuru minimorik ezarri.

Behin hori betetakoan, esku-orria turismo bulegoan edo Alondegiko sarreran egongo diren kutxetan bota ahal izango da. Kutxak ekainaren 8an, arratsaldeko 20:00etan jasoko dira eta zozketa ekainaren 10etik aurrera egingo da. Parte hartzaileek 100€ko 3 erosketa txartel irabazteko aukera izango dute.

Horrez gain eta ginkanari zein tokian tokiko kontsumoari indarra emate aldera, ekainaren 1ean herriko kaleak dinamizatzeko egitarau berezia antolatu du Gertuk. Horrela, goizeko 12:00etatik hasita arratsaldeko 20:30ak arte, Ezten Giro erromeri taldea, gazteei zuzenduriko kapoeira ikastaroa Kofradian eta Zumai txaranga izango dira kaleak alaitzen.