Abiarazi da Puntanueta 2 eremuan dagoen hezegunea berreskuratzeko proiektuaren idazketa prozesua

2019/06/14

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak hezegunea berreskuratzeko proiektuaren idazketa egiteko konpromisoa hartzea lortu du Udalak eta ildo horretan jakinarazi du aipatu erakundeak dagoeneko abiarazi duela proiektuaren idazketa esleitzeko prozesua.

Puntanuetako eremuak urteak egin ditu geldirik eta baita, noski, eremu hori garatzeko aurrera eraman daitezkeen proiektuek ere, espazio hori abian jartzeko, besteak beste, bertan dagoen hezegunea berreskuratzeko lanei irtenbidea eman behar zaielako.

Horren aurrean, gobernu taldeak lur eremu hori berriro martxan jartzeko urratsak egiteari ekin zion 2016an, horretarako Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailarekin bilerak eginez.

Horiek horrela, Puntanueta eremuan dagoen hezegunea berreskuratzeko lanei irtenbidea ematea helburu hartuta, legealdian zehar aurrera pauso garrantzitsuak eman ditu gobernu taldeak; azkena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak aipatu eremua berreskuratzeko proiektuaren idazketa egiteko konpromisoa hartzea. 

Eta konpromiso horri lotuta, hain zuzen, abiarazi du jada Jaurlaritzako Ingurumen sailak hezegunearen berreskuratze proiektua idazteko esleipen prozesua, 120.000€ko aurrekontuarekin.

Helburua da aipaturiko eremu horretan dagoen hezegunea berreskuratzeko lanei irtenbidea ematea, modu horretara, eremua garatzeko eta zumaiarrentzat onuragarriak izango diren proiektuak diseinatu eta burutu ahal izateko bertan.