Adierazpen instituzional bateratua Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

2019/12/03

Zumaiako Udalak adierazpen instituzional bateratua argitaratu du Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Adierazpenean, Zumaiako Udalak hartzen dituen konpromisoak ageri dira, besteak beste.

Jauzika dator euskara. Jauzika mendez mende. Jauzika egunez egun, bihotzetik bihotzera. Eta, batez ere, ezpainez ezpain jauzika.

Bere eguna du gaur euskarak, Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere. Baina ongi asko dakigu euskal herritarrok eta euskal hiztunok gaur ospatzen duguna ez dela egunaren mugetara errenditzen. Jauzi egiten du muga guztiez gaindi, gure ahoan bizi-bizi, belarrietan zernahitarako prest.

Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko. Eta asko lortu da. Jardunak berak erakutsi digu eta erakusten digu egunero, ezinbestekoa dela bide horiek, gauzak egiteko moduak, etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea.

Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen iazko gizarte-ariketa arrakastatsuak neurri bateko nahiz besteko euskal hiztunak, herri aginteak eta askotariko gizarte-erakundeak. Orain, ekimen haren jarraipena dator: Euskaraldia berraktibatuko dugu, berriz ere lankidetzan.

Ez da, baina, horretara mugatzen euskararen erabilera areagotzeko eginahala. Alorrez alor landu beharra dago erabileraren landarea, sendo haz dadin. Alor horien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: arlo sozioekonomikoa, ekonomia, lana eta kontsumoa batzen dituen arloa, hain zuzen ere. Izan ere, ez dago hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik finkatu gabe. Alor horretan eragile nagusiak egiten ari diren urratsen artean, hau azpimarratu daiteke: euskararen erabilera erakundeen izaeraren ezaugarrien artean txertatzea. Estrategia eta konpromiso berriak, beraz, arlo sozioekonomikoan ere.

Zumaiako Udalak ere bere ekarpena egin nahi dio euskararen normalizazio prozesuari. Zumaia euskararen arnasgunea da eta Zumaiako Udala jakitun da arnasguneek berebiziko garrantzia dutela euskararen normalizazio prozesuan. Hori dela eta, Zumaiako Udalak honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2019ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan:

  1. Zumaiako Udalak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpenetan eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.

  2. Administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea.

  3. Administrazio publikoetako Bikain ziurtagiria lortzeko prozesua abiatzea.

  4. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.

  5. UEMAn jarraitzea.

  6. Euskarazko tokiko komunikabideei laguntzen jarraitzea.

  7. Haurrentzako euskarazko aisialdi zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.

  8. Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.

  9. Hainbat arlotako eragileekin —ostalariekin, merkatariekin, gremioekin...— elkarlanean aritzea, euskararen normalizazioan parte hartze aktiboa izan dezaten.

  10. Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.