Adierazpen instituzionala

2011/11/25

Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, honakoa adierazi nahi du Zumaiako Udalak:

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela kontuan hartuta, beste behin ere, Zumaiako Udalak biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita.

2011 urtea hasi zenetik 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta milaka dira komunikabideen bitartez entzuten ditugun kasuak. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da; lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira; gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere erabiltzen dute…

Beraz, Euskal Herriko indarkeri sexistaren diagnosia osatu ahal izateko datu zehatzik ez badugu ere, aipaturiko datuak oinarri hartuta, emakumeon kontrako indarkeria gure herriko arazo sozio-politiko nagusienetakoa dela ondoriozta dezakegu.

Instituzioen aldetik, emakumeon aurkako indarkeriari aurre hartzeko abian dauden lege, protokolo, ordena eta akordio inter-instituzionalak, ugariak badira ere, ez da nahikoa eta oraindik benetako konpromisoetan oinarritutako ekintzak plazaratzen jarraitzea beharrezkoa da.

Horren guztiaren jakitun, Zumaiako Udalak honako hau adierazten du: 

· Indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartuko ditugu kontuan, besteak beste, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begira.

· Zumaiako Udalak bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktiboa, osoa eta koordinatua garatzeko KONPROMISOA HARTZEN DU.

Horretarako ekimenak abiaraziko ditugu neskei beharrezkoak zaizkien baliabideak emateko, euren jabekuntza  sendotu dezaten eta euren identitatea eraikitzeko eta berdintasun harremanak ezartzeko beste eredu batzuk aurki ditzaten. Onartu egiten du gazteek parte hartzea jarrera sexistak zalantzan jartzeko eta matxismorik gabeko jarrera hartzeko. Horretarako, ikusten dituzten erasoen kontra paper aktiboagoa izatera animatu behar ditugu neskak eta mutilak, bai eta desberdintasunak betikotzen laguntzen duten aurreiritziak eta estereotipoak antzematera ere.

 Bukatzeko, GONBITEA EGITEN DIE herritar guztiei,  azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Urola-Kostako Koordinadora Feministak deitu eta Zumaiako Udalak bat egiten duen kontzentraziora joateko. 20:00etan Magnoliopean egingo da elkarretaratzea.