Agenda 21eko ikasgaian landutakoa aurkeztu diete herriko gaztetxoek Udaleko ordezkariei
Landu duten gaia energia izan da, eta ikastetxe desberdinetako ikasleek gaiaren inguruan hainbat proposamen plazaratu dituzte.
Gaur (maiatzak 25, astelehena) ikaslez bete da udaletxeko pleno aretoa. Herriko ikastetxeetako gaztetxoek, urtean zehar agenda 21eko ikasgaian landutakoa aurkeztu diete Udaleko ordezkariei. Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak eta Andoni Etxaniz ingurumen zinegotziak hartu dute parte ekitaldian.
Landu duten gaia energia izan da, eta ikastetxe desberdinetako ikasleek gaiaren inguruan hainbat proposamen plazaratu dituzte. Beste hainbaten artean, argiteriaren inguruko gaia, garraio publikoaren inguruko proposamenak, edukiontzien erabilpena eta erosketetarako joerak eztabaidatu dituzte gaztetxoen eta Udaleko ordezkarien arteko solasaldian.
Proposamen guztiak entzun ostean, Udalak eskerrak eman dizkie guztiei egindako lanagatik eta ildo horretatik lanean segituko dutela adierazi diete pleno aretoan bildutako guztiei.



