Aho batez onartu dira 2019ko ordenantza fiskalak

2018/10/18

Udal gobernuak aurkeztutako proposamenari jarraiki onartu da aipatu dokumentua alderdi guztien babesarekin. Aldaketa bakarra OHGZk jaso du, EH Bilduren eta PSE-EEren emendakin bana medio. 2019ko ordenantza fiskalek jasotakoaren arabera, datorren urteari begira, zerga eta tasa batzuk izoztuko dira eta hobari zein tasa berriak ezarriko dira herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko. Salbuespenak izango dira: Ondasun Higiezinen Gaineko zerga, Ekonomia Jardueren Gainekoa eta tasei dagokienean,besteak beste, ur hornidurarena, udal eraikinen erabilerarena edota udal jabari publikoaren inguruko tasak.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ezohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak eta eguneko aztergaien artean, 2019ko ordenantza fiskalen onespena nagusitu da, aho batez onartuak izan direnak.

Izan ere, oposizioko taldeei ordenantza fiskalen inguruko proposamena aurkeztu eta dokumentua ogasun batzorde ezberdinetan aztertu eta eztabaidatu ostean, gaurkoan, udal gobernu taldeak aurkeztutako proposamen horri jarraiki onartu da. Proposamen berri edota aldaketak OHGZren harira aurkeztu dira, EH Bilduk zein PSE-EEk emendakin bana aurkeztu baitute. Lehena aurrera atera da EH Bildu, PSE-EE eta Jon Iraolaren botoekin eta bigarrena, ere, berdin. Udal gobernuak aurka bozkatu du.

Bozketa egin aurretik, ordea, udal gobernuak osoko bilkurara aurkeztutako proposamena azaldu du. Bide horretan, urtero egin bezala, dokumentu hori lantzeko garaian, Udaleko diru sarrera eta gastuak berrikusi ditu udal gobernuak, ezinbestekoa baita Udalak ematen dituen zerbitzuen kostuen eta tasetatik jasotzen diren diru sarreren arteko oreka mantendu eta bermatzea. “Udalaren egoera ekonomikoaren diagnosi sakona egin dugu, baina horretaz haratago, kontuan izan dugu, Zumaia eta zumaiarren egungo egoera ekonomikoa ere, azken urteotan nabarmen hobetu den arren, oraindik krisiaren zantzuak gelditzen direla uste baitugu”, azaldu du ogasun zinegotziak, Marikruz Alvarezek.

Hori guztia aintzat hartuta eta herritarren presio fiskala ahalik eta gehien arintze aldera, 2019ari begira, beraz, udal zerga eta tasa batzuk izoztu egingo dira. Horrez gain, hobari zein tasa berriak ere ezarriko dira, guztiak herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko.

Edonola ere, badira zenbait salbuespen. Esate baterako, lehen aipatu bezala, Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren kasuan (OHGZ), gobernu taldearen proposamena zen zerga hori %1ean igotzea. EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako emendakina onartu ostean, ordea, zerga izoztuta mantenduko da, baina %50eko errekargua ezarriko zaie etxebizitza hutsei, salbuespenak salbuespen. Horri lotuta, PSE-EEk aurkeztu eta ondoren onartutako mozioari jarraiki, errekargutik jasotako dirua herriko etxebizitza alorra bultzatzera bideratzera bideratuko da. Horri lotuta, udal gobernuak adierazi du “errekargu hori aurreko legealdian zehar aplikatu da Zumaian eta gu noski etxebizitza hutsak merkaturatzearen alde gauden arren, frogatuta gelditu da neurri horren bitartez ez dela lortu, horregatik bereziki bozkatuko dugu aurka. Edonola ere, ados gaude PSE-EEk aurkeztutako emendakinak jasotakoari jarraituz, errekargutik jasotako dirua etxebizitza alorrera bideratzea”.

Bestalde, gobernu taldearen proposamenari esker, zerga honi dagozkion hobarietan berrikuntza bat izango da: famili ugarien kasuan, esaterako, etxebizitzaren balio katastrala 180.304€tik gorakoa denean, diru-sarreren eta seme-alaben kopuruari erreparatuz, balio horri dagokion hobaria aplikatuko zaio. Gainerako hobari guztiak berdin mantentzen dira.

Ekonomia Jardueraren Gaineko zergari dagokionean, tokiko ekonomia babestu eta bultzatzeko xedez, aipatu zerga 2.04ko balioan izozturik egon da 2016tik 2018ra bitartean. Aurten, KPIaren %2.15eko igoera aintzat hartuta, igoera hori aplikatuko zaio zergari, koefizientea 2.04tik 2.08ra igoz.

Udal gobernuak adierazitakoaren arabera “igoera horrek 1.000.000€ko fakturazioa baino altuagoa duten enpresei soilik eragingo die”.

Gainerako zergei dagokienean, guztiak izoztuko dira: eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga edota trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga, esate baterako. Azken horren kasuan, berrikuntza gisa, hobarietan, familia bakoitzeko diru sarrerei erreparatuz hobari eskala ezarriko da eta gainerako hobariak berdin mantenduko dira.

Tasei dagokienean, zergekin bezala, batzuk izoztuta mantenduko dira, besteak beste, kirol patronatuko tasak, musika zerbitzuarenak, Herri Eskolako pilotalekuarenak edota liburutegiari dagozkionak.

Salbuespen gisa, %1.7ko igoera aplikatuko da ondorengo tasetan:

-          Garabi zerbitzuaren tasa

-          Ur hornidura zerbitzuaren inguruko tasa

-          Ludoteka eta udalekuei dagokien tasa

  • Kasu honetan, gobernu taldeak 2017an martxan jarritako neurriari, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) edo Gizarte Larrialdietako Laguntzen (GLL) onuradunen seme-alabek ez dute tasarik ordaindu beharko.

-          Udal eraikinen erabileraren tasa: Aita Mari zinema, Alondegiko Oxford aretoa, Pleno aretoa, San Telmo ermita, Komentuko kapera…

-          Udal jabari publikoaren erabileraren inguruko tasa

-          Filmaketen tasa

-          Udal hilerriko zerbitzuaren tasa

-          Animalia arriskutsuak edukitzeko lizentzia tasa

  • Kasu honetan KPIa aplikatuko zaio, hau da %2.15eko igoera

Gizarte zerbitzuen kasuan, udal gobernuak legealdi hasieratik jarri du arreta berezi alor honetan, helburu baitu, hain zuzen, bertatik eskaintzen diren zerbitzuak balioan jarri eta indartzea. Horri lotuta, azpimarra jarri du etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta aurreko bi urteetan bezala, 2019ari begira ere, zerbitzuaren kostua jaitsiko du. Horri esker, zerbitzuen onuradunek 15€ ordaindu beharko dituzte lanegunetan  (iaz 16€) eta 16€ jaiegunetan (iaz 17€).

TAOari dagokionean, tasak ere berdin mantenduko dira. Salbuespen gisa, errotazio altuko zein egonaldi ertaineko guneetan 90 minutuko muga gainditu izanagatik ezarritako isuna deuseztatzeko prezioa 20€tik 19€ra jaitsiko da.

Edonola ere, udal gobernuak adierazi du, 2018ko datuak itxi eta behin ordenantza berrikustean, datorren urteari begira jaso daitezkeen aldaketek tasen aldaketa eragin ahal izango dutela.  

Berrikuntzak

Herrian eta herritarren artean gaur egungo beharrei erantzuna emate aldera, hainbat tasa berri ezarriko dira. Horien artean, sortu berri den Keretxudi Baratze Parkeko lursailen ustiaketari lotutako tasak, hondartzen erabileraren ingurukoak, soinu neurketaren ingurukoak edota Algorri Interpretazio Zentroari loturikoak jarriko dira martxan. Tasa hauen gehiengoa jada aplikatzen bazen ere, ordenantzak ez zituen jasotzen.

Gainerako aztergaiak

Eguneko gainerako aztergaien artean, hirigintza alorrean, “Udalsarea 21, jasangarritasunerako udalerrien Euskal Sare”ra atxikitzeko akordioa berritzea onartu da. Udalsarea 21en helburua da jasangarritasuna sustatu eta horretarako konpromisoa hartu duten udalerrien topagune izatea.