Aho batez onartu dira Batzordeen banaketa eta alkate eta zinegotzi liberatuen soldatak lehen plenoan

2019/07/05

Kargu hartze osteko lehen osoko bilkura egin da ostegun arratsaldean, uztailaren 4an. Alkate eta zinegotzi liberatuen soldatak eta batzordeen banaketa onartu dira plenoan, besteak beste.

Batzordeen kopuru eta osaketan aldaketak onartu dira uztailaren 4an, eta aurrerantzean 10 Batzorde egongo dira Udalean. Zumaiak 10.000 biztanleko muga pasatzearen ondorioz, Batzorde bakoitzean parte hartzen duten zinegotzien kopurua igoko da, bost batzordekidetik sei batzordekidera.

Horretaz gain, lau urteren ondoren Gobernu Batzordea berriz biltzen hastea erabaki da. Aurreko legegintzaldian Udal Gobernuko kideek soilik osatzen zuten organoa; oraingoan, Gobernu Batzordean parte hartzeko aukera gainontzeko alderdiei ere luzatu zaie. Legegintzaldi honetan EH Bildu eta PSE-EEko zinegotziek hartuko dute parte Gobernu Batzordean. EAJk uko egin dio bertan parte hartzeari, Udalaren jardunaren “kontrola eta kontrastea” egiteko organo horretatik kanpo egotea egokiagoa dela iritzita.

Era berean, aho batez onartu dira alkate eta zinegotzi liberatuen soldatak ere. Alkatearen soldata %11 jaitsiko da (24. maila, orain artekoa baino 4 maila baxuagoa), zinegotzien soldata %19 jaitsiko da (14. maila: orain artekoa baino 5 maila baxuagoa). EAJk “EH Bilduk soldaten gaiarekiko duen jarrera inkoherentea” salatu du.

Oposizioko zinegotzi bat lanaldi osoz liberatzeko aukera ere onartu da ezohiko plenoan, EAJk bere udal jardunerako “oraingoz liberaturik behar ez duela” adierazi badu ere.

Alkateaz gain, oraingoz honako liberatuak zehaztu dira: Udal Gobernuko Alex Oliden jardunaldi osoz liberatuko da; Maider Alberdi eta Marina Bidasoro jardunaldi erdiz liberatuko dira (osotara, Udal Gobernuko zinegotzi bat gehiago liberatuko da). Alkate Dekretuz onartuko da gaur liberatuen izendapena.

Aipatutako gai horiez gain, beste hainbat gai ere landu dira plenoan: udal talde politikoen eta bakoitzaren bozeramaileen izendapena, alkateordearen izendapenak, Udal plenoaren batzarraldietarako maiztasuna, eta Udalak ordezkatua egon behar duen era guztietako organo kolegiatuetarako ordezkarien izendapenak.

Ondorengo dokumentuetan ikus daitezke hartutako erabakien inguruko xehetasunak: