Aho batez onartu zen Arkaitz Bellonen heriotzaren inguruko mozioa
Bildu (5) eta Aralarrek (1) alde bozkatu zuten. PSE-EE eta EAJ ez ziren plenoan izan.
Arkaitz Bellon Blanco elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100 km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean. Zigorraren 2/3-ak beteta zituen, eta, beraz, aske egoteko baldintzetan.
Heriotza honen aurrean, Zumaiako Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean, eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Era berean, irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala, gardentasun osoz. Horregatik, Zumaiako Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin.
Zumaiako Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen du, eta, beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatzen du.
Egoera hau beti izan da bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gertatu behar.
Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzeko eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.
Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz, eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.
Zumaiako Udalak heriotza honen inguruabarrak argitzeko prozesuari jarraipena egiteko konpromisoa hartzen du, eta jakinaren gaineko informazioa familiarekin elkarbanatzeko.
Adierazpen hau honako erakunde hauetara bidaltzea proposatzen da, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko: Arartekoa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistia Internacional eta Legebiltzarra.



