Aholkusex zerbitzua, gaur arratsaldean Brankan

2019/05/23

Doako sexu aholkularitza zerbitzua Brankako bulegoan jaso ahal izango dute zumaiarrek arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean. Zerbitzuaren helburua da zumaiarren kezka eta beharrei erantzuna ematea eta herritarrei harremanak, parekidetasuna eta sexualitatearen inguruan euskarriak eskaintzea

Gaur, hilak 23, Aholkusex sexu aholkularitza zerbitzua eskainiko du Udalak Branka bulegoan 18:00etatik 20:00etara. Zerbitzu hori hileko laugarren ostegunetan eskaintzen da eta, bertan, zumaiarrek sexu eta bikote aholkularitzaren inguruan banakako arreta jaso ahal izango dute.

Aholkusex zerbitzuaren bitartez gai desberdinak jorratuko dira, hala nola,  identitate eta orientazio sexuala, bikote harremanak, elkarbizitza, intimitatea edota zeloak, baita zailtasun sexualarekin edo nerabeen heziketarekin zerikusia duten gaiak ere. Horietaz haratago, herritarrek azaldutako beste edozein galderen inguruan ere aholkua eskainiko da. 

Halaber, aurrez aurreko arretaz gain, zumaiarrek 605 748 579 (Yoana) telefonora deitu ahal izango dute haien kezken inguruko argibideak jasotzeko. 

Zerbitzuaren helburua da harreman osasuntsuak eraikitzeko giltzarriak eskaintzea, sexualitatearen, parekidetasunaren eta harremanen inguruan sor daitezkeen kezka orori erantzuna emanez.