Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalen eta Urola Kostako Udal Elkartearen hizkuntza politika orokorra aurkeztu dute

2012/07/05

10 konpromiso aurkeztu dituzte adostuta hizkuntza politika bateratuan, eta aurrerantzean ekintza puntualak egingo dira elkarlanean konpromiso horiek betetzen joateko.

 

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek prentsaurrekoa eskaini dute, onartu berri duten hizkuntza politikaren berri emateko.

Prentsaurrekoan parte hartu dute honakoek: Gari Berasaluze Zarauzko udaleko euskara-zinegotziak, Amets Etxabe Getariako Udaleko euskara-zinegotziak, Jon Agirresarobe Orioko Udaleko euskara-zinegotziak eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak.

Legegintzaldi berriarekin, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Euskara Batzordea eratu zuen joan den urrian. Batzorde edo lantalde horretan parte hartzen dute Udal Elkarteko udaletako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) eta Udal Elkarteko euskara zinegotziek eta euskara teknikariek.

Eskualdeko Euskara Batzordeak hainbat bilera egin ditu urriaz geroztik eta hainbat gai landu ditu. Horietako bat da Udal Elkartearen eta udalen hizkuntza politika orokorra lantzea.

Joan den martxoaren 13an Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak hizkuntza politika orokorra onartu eta udalei proposamena egin zien bat egiteko. Martxotik ekainera bitartean udaletako batzorde eta osoko bilkuretan gaia aztertu eta 5 udalek egin dute bat proposamenarekin:

 

 

 

Data

Urola Kostako Udal Elkartea

Zuzendaritza Batzordea

2012-03-13

Aiako Udala

Osoko Bilkura

2012-06-20

Getariako Udala

Osoko Bilkura

2012-03-28

Zarauzko Udala

Osoko Bilkura

2012-03-28

Zumaiako Udala

Osoko Bilkura

2012-04-17

Orioko Udala

Osoko Bilkura

2012-03-28

 

Zer dela eta hizkuntza politika orokorra?

Udal Elkarteak eta udalek hainbat urrats egin dituzte azken urteetan euskararen erabilera normalizatzeko, baina asko dago oraindik egiteko. Norbere etxetik hasi nahi dugu lanean eta udalak euskaraz funtzionatzea nahi dugu. 

Eragileekin euskararen normalizazioaren alde aritzeko Udalek eredugarri behar dute.  Uste dugu hizkuntza politika bateratua baleko instrumentua izango dela horretarako.

 

Hizkuntza politikaren oinarriak 

Hizkuntza politika honen oinarrian dago Udal Elkarteak eta udalek euskararekiko hartzen duten konpromisoa, batetik, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko eta, bestetik, belaunez belaun euskararen jarraipena bermatzeko.

Bestetik, Udal Elkarteak eta udalek bere egiten dute gure eskualdeko alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko eginkizuna.

Horrekin batera, Udal Elkartea eta udalak egile eta eragile direnez, legegintzaldiko helburutzat hartzen da euskara izatea Udal Elkartearen eta udalen lan hizkuntza, barruko lanetan zein beste administrazio publikoekin dituzten harremanetan.

 

UROLA KOSTAKO UDAL ELKARTEAREN HIZKUNTZA POLITIKA

 

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek eta udal horiek osatzen duten Urola Kostako Udal Elkarteak honako hizkuntza politika orokor hau onartzen dugu:

 

1.            Euskara da gure udalerrietako berezko hizkuntza.

2.            Administrazio publiko gisa, gure egitekoa da euskararen erabilera normalizatzea, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea eta hurrengo belaunaldiei eskaintzea.

3.            Udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeaz gain, geure egiten dugu gure lurralde eremuan alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko helburua. Hori lortzeko erabaki eta irizpide bateratuekin jokatuko da.

4.            Udalen eta Udal Elkartearen zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izango da, bai ahoz, bai idatziz.

5.            Herritarrei lehen hitza euskaraz egingo zaie eta beraiek hizkuntza aldatzen badute, orduan, beraiek aukeratutako hizkuntzan erantzungo zaie. Modu berean, hartzaile jakinik gabeko argitalpen, errotulu, eta udalen mezuak ere ahal dela, euskara hutsean egingo dira. Bestela, euskara lehenetsiko da.

6.            Udalen eta Udal Elkartearen arteko harremanak (ahoz nahiz idatziz) euskaraz izango dira eta Euskal Herrian kokatuta dauden administrazioekiko harremanak, ahozkoak nahiz idatzizkoak, euskara hutsean izatera joko da. Era berean,  enpresekin, hornitzaileekin eta udalentzat lan egiten duten gainerako sozietateekin ere, harremanak euskara hutsezkoak izatera joko da.

7.            Udaletan nahiz Udal Elkartean egiten diren langileen kontratazioetan, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko du langileak.

8.            Udaletan nahiz Udal Elkartean egiten diren era guztietako kontratazioetan hizkuntza baldintzak ezarri eta betearaziko dira; gauza bera egingo da elkarteei ematen zaizkien era guztietako diru-laguntzetan ere.

9.            Jendaurreko ekitaldietan euskara erabiliko dugu, eta ele bitan izan behar duten kasuetan, euskara lehenetsiko dugu.

10.       Hizkuntza politika orokor hau garatzeko udal bakoitzak eta Udal Elkarteak hizkuntza irizpide zehatzak landu, onartu eta moldatuko dituzte.

 

Konpromiso sorta aurkeztu dugu, hizkuntza politika bateratuan jaso dena. Aurrerantzean, ekintza puntualak bideratuko ditugu konpromisoak betetzen joateko.

 

Lehen ekimena: hornitzaileei eskaera

Lehen ekimena, udalen eta Udal Elkartearen hornitzaileei harremanak euskaraz izateko eskaera egitea izango da. Datozen egunotan jakinaraziko diegu ohar eta idatziak (txostenak, aurrekontuak, fakturak…) euskaraz jaso nahi ditugula eta ahozko harremana ere ahal dela euskaraz izatea nahi dugula. Uste dugu udalek eta Udal Elkarteak bere hornitzaileei fakturak euskaraz eskatzeak eragin handia izango duela.

 

 

Aiako Udala

Getariako Udala

Orioko Udala

Zarauzko Udala

Zumaiako Udala

Urola Kostako Udal Elkartea