Aita Mari

2015/01/23

Zein izan zen Jose Mari Zubia 'Aita Mari'? Zer egin zuen gure herrian bere omenez kale, auzo, zinema areto... eta bestelakok bere izena izateko? Artxibo historikoan dugu erantzuna.

Aita Mari. Zumaiarrei ez zaie arrotza egingo izen hori. Herriko kale eta auzo batek izen horixe daukate, baita herriko futbol zelaiak, zinema aretoak eta arraun elkarteak ere. Eta nork ez du ezagutzen Alondegiko eraikinaren ertz batean jarrita dagoen eta izen bera daraman gizonaren eskultura? Izen ezaguna izan arren, gogoratzen al gara herritarrok zergatik duen gure herrian hain presentzia handia?

 

Jose Mari Zubia, 'Aita Mari' ezizenez ezaguna, Zumaian jaiotako itsasgizona izan zen.

Arrantzale familia bateko semea, 1809. urteko martxoaren 15ean etorri zen mundura. Jaioterria utzi eta hiriburura alde egin zuen bertako txalupa batean patroi lanetan aritzeko. Baxurako arrantzan ere ibili zen, Amerikarako itsasbidea egiten zuten merkantzia-ontzietan lanean hasi baino lehen. Azken lan horri esker sosak bildu, Donostira bueltatu eta bere txalupa erosteko aukera izan zuen, eta bertako portuan arrantzale patroi ibili zen ondoren.

 

Itsasoa zainetan zeraman gizona, egoera arriskutsuan aurkitu ziren zenbait arrantzale sorosteagatik egin zen ezaguna. 1861ko uztailaren 13an piztu zen galernak, San Juan txalupako marinelak arriskuan jarri zituen Zurriola parean. Jose Mari Zubiak 9 pertsonako taldea osatzea lortu zuen eta arrantzale horiek salbatzera joan ziren, bi aldiz pentsatu gabe. Balentria horrekin hiru pertsonen bizia salbatzea lortu zuten. Hau da Aita Mariren lorpen ezagunena, baina ez bakarra. Beti zuen prest bere txalupa, ezbeharrenen aurrean laguntza eskaintzeko. Sorospen horiengatik Euskal arrantzaleen sinbolo bihurtu zen.

 

1866ko urtarrilaren 9an, ekaitz bortitz batek jo zuen Gipuzkoako kostaldea, eta Donostiako badian sartu nahirik zebiltzan Getariako bi ontzi, Elkano 1 etaElkano 2, olatu bortitzen artean hil ala biziko borrokan aurkitu ziren. Beti itsasoari adi, Aita Marik bere txalupa hartu eta sorostera irten zen. Arazoak zituztenak salbatzera joan eta bera arazotan aurkitu zen. Egun hartan Jose Mari Zubia ez zen portura itzuli, itsasoaren besoetan galdu zuen bizia Getariko bi ontzien tripulazioarekin batera.

 

 

Jose Mari Zubiaren ekintzek Gipuzkoako kostaldean eragin handia izan zuten, batez ere bere sorterri eta bizitokia izan ziren Zumaia eta Donostian. Hiriburuan egin zitzaion  lehen omenaldia, baina jaioterriak ere ez zuen ahaztu bere semea eta bere ausardia. Alondegiko eraikinaren ertz batean kokatu zuten bere omenezko bustoa eta 1956an eskultura hori lagunduko zuen plaka egitea erabaki zen. Gaur egun ere hor dago, Amaiako plazatik Erribera kalerako sarrera zainduz itsasora begira.

Oihana Artetxe (Ereiten kultur zerbitzuak)

*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.