Aita Mari futbol zelaia hobetzeko diru laguntza hitzarmena sinatu zen atzo
Atzo iluntzean sinatu zuten Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Zumaiako Futbol Taldeak Aita Mari futbol zelaia hobetzeko 100.000 eurotako diru-laguntza konpromisoa.
Hilabeteetako lanaren ostean etorri zen atzoko hitzarmena sinatzea. Aurtengo Aste Santuan futbol zelaiko belarra aldatu eta hobekuntza zenbait egin baziren ere, azpiegiturak badu oraindik zer berritu eta egokitu, eta horregatik egin zen diru-laguntza eskaera. Atzo Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente eta Espainiako Futbol Federazioko idazkari den Juan Luis Larreak, Zumaiako alkate Oier Kortak eta Zumaiako Futbol Taldeko presidente Jose Antonio Gorostola Txikik sinatutako akordioaren arabera 2016. urtean jasoko du Udalak diru-laguntza hori. Laguntza horrekin futbol zelaiaren azpiegitura bera eta inguruak hobetu eta txukunduko dira.
Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkio Gipuzkoako Futbol Federazioari eta Zumaiako Futbol Taldeari, beraien ekarpenen bidez Zumaiako azpiegiturak, eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzen laguntzeagatik.



