Aita Mariko eskaintzaz gozatzeko aukera ederra
Zumaiako Udalaren kultura saialk Aita Mariko kultur eskaintzaz gozatzeko aukera bikaina eskaintzen du. Bazkidetza txartel bidez bertako emanaldien sarrerak (zinemakoak ez) merkeago eskuratzeko aukera ematen du. Bazkide direnei eskaintzaren berri ere zuzenean zabalduko die. Animatu eta egin bazkide!
Udalaren kultur sailak Aita Mari aretoko antzerki eta musika programazioari zuzendutako bazkidetza eskaintza bat luzatu nahi die herritarrei.
Honen helburua:
- Eskaintzen den programazioaren hedapen hobeago bat: bazkideek programazioaren xehetasun guztiak jasoko dituztelako beren etxeetan.
- Udalaren kultur programazioan parte hartzea bultzatzea, horretarako sarreretan abantailak eskainiz.
Eskaintza honetan bi bazkidetza aukera daude: 13 urtetik beherakoentzat Txiki Txartela, eta hortik gorakoentzat Aita Mari Lagun txartela. Urteko bazkidetza kuotak honakoak izango dira; Aita Mari lagun txartela dutenek urtean 25 euroko kuota izango dute eta Txiki Txartela dutenek 5 euro.
Bazkidetza honen bidez egiten den eskaintzan kultur sailak Aita Mari aretoan antolatutako antzerki eta musika programazioa sartuko da (ez da sartzen, beraz, zine programaziorik).
Urtea bukatu arte iraungo du (hau da 2014a bukatu arte), eta bazkideak programazioaren berri zuzenean jasotzeaz gain, ekitaldirako sarrera ziurtatuta izango du. Baina, hala ere, sarrera hori aurrez erosi beharko du turismo bulegoan edo ikuskizuna hasi baino 10 minutu lehenagora arte aretoko leihatilan; denbora horren ondoren jasotzen ez badu, salgai jarriko da.
Bazkideek zenbaki bat eta bere izena duen zintzilikario bat jasoko dute, eta horrekin deskontua lortuko du sarrera erostean.
Txiki txartelak haur ekitaldietarako balioko du, baina Aita Mari Lagun txartelak bietarako deskontua lortu ahal izateko balioko du.
Urtean zehar Zumaian batez beste helduentzat 12 bat ikuskizun eta haurrentzat beste hainbeste antolatzen direnez, aukera ederra da.
Programazio honetako lehen emanaldia, gaur, urtarrilaren 17an, VAIVEN taldearen Terapiak komedia izango da. (Sarrera 9 euro / Gazte Txartela edo Aita Mari txartelarekin 6)
Informazioa eta izen ematea, Alondegia kultur etxean 943861056 / kultura@zumaiakoudala.net



