AITA MARIREN IRUDIA BERE LEKURA ITZULI DA ZAHARBERRITZE LANEN ONDOREN
Erribera kantoian kokatuta dagoen Aita Mariren irudiak berriro ere bere lekua hartu du bi hilabete iraun duten eraberritze lanen ondoren. Prozesu hau, Raquel Nacenta eta Idoia Idigorasek zuzendu dute.
Aurten 150 urte betetzen dira Jose Mari Zubia Zigaranen heriotzatik eta hori dela eta, Zumaiak omenaldia egin nahi dio bere Aita Mariri. Omenaldi hau aintzat hartuta, Malloquin Jaume Matteu izeneko eskultoreak egindako irudia zaharberritu dute Raquel Nacenta eta Idoia Idigorasek. Honen antzinatasuna dela eta, hezetasunak eta urak hainbat kalte eragin ditu urteetan zehar Aita Mariren irudian, beraz, lehenik eta behin, pintura kapak kendu, harria garbitu eta hau indartu eta erreforzatu da. Ondoren, falta ziren zatiak berregin dituzte, bereziki sudur aldean eta horretarako Joseba Esnal eta Javier Carballoren laguntza izan dute, beraiek bildu baitute Aita Mariren inguruko dokumentazio historiko guztia.
Behin irudiaren egitura eginda, berriro pintatu dute brontze kolorez. Jatorrizko irudiaren kolorea ahalik eta gehien errespetatzeko, margoketa teknika ezberdinen bidez, zahar itxura eman diote. Era berean, irudiaren plaka ere berritu da, urteak pasa ahala, nahiko hondatuta bait zegoen.
Horiek horrela, egun, Aita Mariren irudiak itxura ezin hobea du eta guztiz dizdiratsu dago uztailaren 23an egingo zaion omenaldirako.



