Aitor Oñate, Janire Arrizabalaga eta Mitxel Aizpurua dira Julene Azpeitia 39. ipuin lehiaketako saridunak
Aurten 53 lan aurkeztu dira, horietatik lau zumaiarrek idatzitakoak. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 1ean izango da, 18:30ean Oxford aretoan; ondoren, 'Pleibak' bertso-saio literarioa eskainiko dute.
Urriaren amaieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño; Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe. Aurten 53 lan aurkeztu dira, iazkoaren antzeko kopurua. Horietatik lau zumaiarrek idatzitakoak izan dira.
Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:
- saria, 3.000 eurokoa, Aitor Oñate Gardeazabalek irabazi du Sei uda ipuinari esker. Berak aurkeztutako ipuina freskoa dela iritzi dio epaimahaiak, modu originalean idatzita dagoela, eta irakurlea erabat harrapatzen duela. Ipuinean elkarrizketak dira nagusi eta horietan pertsonaia bakoitzak bere ahotsa oso garbi erakusten du.
- saria, 1.500 eurokoa, Janire Arrizabalaga Munduatek irabazi du Jardin eder bat zuretzat izeneko ipuinarekin. ipuin honetan aberastasun estetikoa nabarmendu du epaimahaiak. Estilo oso zaindu batekin idatzia, erritmo ona dauka eta pertsonaia nagusiak hasieratik harrapatzen du irakurlea.
Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa, berriz, Mitxel Aizpurua Etxanizentzat izan da Kanposanturako bidea ipuinagatik. Hasieratik harrapatzen duen ipuin hau ondo idatzita dago xehetasunei erreparatzen dien lana da eta arretari eusten dio. Kuriositatea sortzen du eta irakurleari uzten zaio narrazioa osatzea.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 1ean izango da, 18:30ean Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Ondoren, Pleibak bertso-saio literarioa eskainiko du Miren Amurizak, Nerea Ibarzabal, Eneritz Artetxe eta Paule Bilbaok lagunduta.



