Aitzuri izena jarriko zaio frontoi berriari

2015/04/24

Kirol Patronatuko zuzendaritza batzordean hartu da erabakia aste honetan, pilota elkartearen iritziaren berri izan ostean. Izena erabakita, logotipo lehiaketa egingo da laster.

Frontoiko obrak bide onetik doaz, eta herenegun egindako Kirol Patronatuko zuzendaritza batzordean beste pauso bat eman zuten aurrera. Izena erabaki zuten. Aitzuri frontoia izango da.

Aurretik, Zumaiako Udalaren euskara zerbitzuak inguruko toponimia aztertzen duen txostena egin zuen, baliagarri izango zelakoan. Zuzendaritza batzordean aurkeztu eta aztertu ostean, pilota elkarteari iritzia eskatzea erabaki zen. Pilota elkarteko zuzendaritzan, Aitzuri izenaren alde egin zuten, eta Kirol Patronatuko zuzendaritza batzordeak bat egin zuen haien iritziarekin.

Izena aukeratzerakoan, izen erraza, motza eta argia izateari garrantzia eman zaio. Ezker pareta, Aitzuri kalearen kontra izango du, eta horrek ere izan du bere garrantzia. Eta, frontoiari begira hasita, haitz itxura ere izan dezake eraikinak.

Logotipo lehiaketa

 

Izena erabakitzearekin batera, frontoiaren irudi edo logotipoa aukeratzeko lehiaketa irekia egitea ere erabaki zuten. Hori horrela, datozen asteotan argitaratuko dira oinarriak.