Aitzuri pilotalekuaren eta bertako tabernaren artean itxiturak jarri ditu Udalak

2018/11/05

Itxitura horien helburua da ekintza edota ekitaldi desberdinak antolatzen direnean, taberna zein pilotalekuko zaratak edota hotz-beroak elkar ez nahastea

Orain arte, Aitzuri pilotalekua eta bertako taberna gorako partean irekia zen pareta batez soilik bananduta egon dira.

Irekiera horren eraginez, frontoiko zein tabernako zaratak edota batetik besterako hotz eta beroak espazio batetik bestera pasatzen ziren eta horrek sarritan arazo edota oztopoak eragin ditu, bereziki ekitaldiak antolatu eta aurrera eramateko garaian (dantzaldiak, kontzertuak…).

Hori dela eta, egoerari erantzuna emateko, azken egunotan, bi espazioak guztiz banatzeko itxiturak jarri ditu Udalak bertan, horrela, aurrerantzean, frontoiko zein tabernako soinuak edota tenperatura desberdintasunak espazio batetik bestera pasa ez daitezen.

Horri esker, frontoian, partiduez haratago, bestelako ekitaldiak modu egokian antolatu eta ospatu ahal izatea bermatuko da eta aldi berean, tabernako erabiltzaileen erosotasuna ere areagotuko da.