Aldaketak aparkaleku guneetan

2018/06/28

Txomin Agirre kaian eta autobusak biratzen duen lekuan egingo dira aldaketak. Halaber, igandean autobus zerbitzua martxan jarriko dela gogorarazi du Udalak, eta erabiltzaileek autobusa uneoro non dagoen jakin ahal izango dute geltokietan egongo den QR kodearen bitartez edota www.autobusa.zumaia.eus helbidean.

Ia 15 egun igaro dira jada 2018ko erregulazio sistema indarrean jarri zenetik. Sistema hori irekia izanik, lehen bi asteen balorazioaren ostean, aparkaleku guneetan bi aldaketa egitea erabaki du Udalak, erregulazio sistema berria herritarren beharretara moldatu eta egokitu dadin.

Horiek horrela Zubitxikitik Moilaberriko zubia arte, Txomin Agirre kaian ibai aldean dauden aparkalekuak, (gaur egun errotazio altuko B2 gunea), egoiliar gune izatera pasako dira, Eusebio Gurrutxaga plaza parean dauden 6 aparkaleku inguru izan ezik. Horiek errotazio altuko gune gisa mantenduko dira.

Bigarren aldaketa Saregile plaza parean egingo da, autobusak biratzen duen lekuan, hain zuzen. Gaur egun, gune hori egonaldi ertainekoa da, baina aste honetatik aurrera, erdia (autobusak biratzen duen lekua arte, alegia) egoiliarrentzat jasoko da. Beste erdia, (Julio Beobide ibilbideruntz doana) aldiz, orain arte bezala, egonaldi ertaineko gune gisa mantenduko da.

Aldaketa horiek, esan bezala, helburu dute sistema egungo egoera eta herritarren beharretara egokitzea, sistema ahal bezain eraginkorra izan dadin.

Amaitzeko, Udalak gogorarazi du datorren igandean martxan jarriko dela herriko autobus zerbitzua mugikortasun jasangarria sustatu eta herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko helburuz. Horrez gain, erabiltzaileek autobusa uneoro non dagoen jakin ahal izango dute  geltoki guztietan egongo den QR kodearen bitartez edota www.autobusa.zumaia.eus webgunean.