Aldaketak trafikoaren noranzkoan Basadi eta Bidasoa kaleetan
Basadin autoek Sagarbideko bidegurutzetik Pantxita Etxezarreta kalerako noranzkoa egin beharko dute. Bidasoa, Juan Belmonte eta Ortega y Gasset kaleetatik, berriz, Itzurun Zuhaitz Biderako noranzkoa egingo dute ibilgailuek. Bihar, ostirala, bukatuko dute Bidasoa kalea asfaltatzea eta datorren asterako amaituta izango dira lanak.
Basadi kalea berrurbanizatu eta bidegorria egiteko lanak direla-eta, kaleko norabidean behin-betirako aldaketak izango dira trafikoan gaurtik (uztailak 16, osteguna) aurrera. Hala, kalea norabide bakarrekoa izango da hemendik aurrera. Autoek kiroldegitik Pantxita Etxezarreta kalerako noranzkoa bakarrik egin ahalko dute. Alderantzizko norabidea egiteko, autoek Axular Ibiltokitik edo Aita Mari kaletik pasa beharko dute.
Ildo beretik, aldaketak izango dira Bidasoa kaleko trafikoaren noranzkoan ere. Hala, Baltasar Etxabe, Ortega y Gasset eta Juan Belmonte kaleetatik Itzurun Zuhaitz Biderako noranzkoa egingo dute autoek aurrerantzean. Kale horietarako sarbidea, berriz, Julio Beobide ibiltokitik izango dute ibilgailuek.
Datorren asterako Bidasoa kaleko lanak bukatuta
Auzo hori berrurbanizatzeko egitasmoaren barruan, Bidasoa kalea asfaltatzeko lanetan ari dira jada. Bihar, ostirala, bukatuko dute kalea asfaltatzea eta pintaketak egingo dituzte ondoren. Datorren astean bukatuta izango dira jada Bidasoa kaleko lanak.
Udalak Bidasoa kalea, eta Juan Belmonte, Ortega y Gasset eta Baltasar Etxabe kaleen zatiak asfaltatu ditu. Horrez gain, Bidasoa kaleko espaloiak zuzendu eta berritu egin du kale horretako ur-hornidurako hoditeria.
Udalak aurrera eramandako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan ere
aipatu zen Bidasoa kaleko espaloiak berritzearen beharra.



