Algorri Interpretazio Zentroak Aste Santurako hainbat ekimen antolatu ditu
6-13 urte bitarteko ikasleei zuzendutako irteerak izango dira eta apirilaren 7an eta 8an egingo dituzte. Aldez aurretik, izena eman beharko da ekintzetan parte-hartzeko.
Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroak 6-12 urte bitarteko ikasleei zuzendutako irteerak antolatu ditu Aste Santuan, eta horietan parte hatzera animatu nahi zaituztegu.
Haurrentzat doako tailerrak:
- Apirilak 7, asteazkena: 'Ttanttoren bidaia'
Irteera honetan Zumaiako flyschak gordetzen dituen altxorrak eta Euskal Herriko fosil arruntenak aztertzeko aukera paregabea izango dute gaztetxoek. Ibilbidean zehar hainbat froga gainditu beharko dituzte.
- Apirilak 8, osteguna: 'Lamiaren ametsa'
Urola itsasadarraren ibilbidean aurki daitezkeen paisaiak eta bertako bizidunak ezagutuko dituzte haurrek irteera zoragarri honetan. Horrela ibilbidean Algorri Zentrotik Santiago hondartzarainoko txangoa burutuko dute.
Ekintzak Algorri Zentroan hasiko dira 10:00etan eta hiru orduko iraupena izango dute. Arropa erosoa eta hamaiketakoa ekartzea aholkatzen da.
Izena emateko
Jarduera hauek doakoak izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da ekintzetan parte hartzeko. Horretarako Algorri Interpretazio Zentrora gerturatu edo 943 143 100 telefono zenbakira deitu beharko da.



