Alkizako UR MARA museoa bisitatzeko familia irteera antolatu du ludotekak
Irteera maiatzaren 20an egingo da eta interesdunek hilaren 14a arte izango dute ludotekan bertan izena emateko aukera.
Datorren maiatzaren 20an urteko azken familia irteera egingo du Zumaiako ludotekak, oraingoan Alkizako Ur Mara museora. Ildo horretan, plazak mugatuak direnez, interesdunek maiatzaren 14a arte izango dute izena emateko aukera ludotekan bertan.
Ibilaldia goizeko 10:00etan abiatuko da Ludotekatik eta itzulera 17:30ak aldera izango da toki berera. Irteeran parte hartzeko haurrek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek, aldiz, 20€, garraioa eta bazkaria barne.
Koldobika Jauregiren museoa da UR MARA, aire librean kokatuta dago eta natura, artea eta etnografia lantzen ditu. UR MARA izenak “ur lasaia” esan nahi du eta 11 hektareako malda lasai batean dago, haritz, pago, lizar eta garo artean. Bertan, paperaren istorioa, paper motak, eskultura guneak, prozesuak, industrializazio aurreko lanbideak, ikatza, karea, barrenatzaileak, pago motzak eta naturarekiko harremana ikusi eta landu ahal izango dira, besteak beste.
Horrez gain, “Sortzaileen txokoa” deituriko tailerra ere egingo da, non, haurren adinari egokitutako arte ekintza bat egingo den.
Informazio gehiagorako idatzi ludoteka@zumaia.eus helbidera edo deitu 943 14 32 64 telefonora.



