Alkoholaren inguruko galdetegietatik ateratako ondorioen berri eman du Prebentzio Mahaiak

2019/12/18

Zumaiako Prebentzio Mahaiaren ekimenez, alkoholaren inguruko galdetegi bat bete dute 30 eta 55 urte bitarteko 112 herritarrek. Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren izenean, eskerrak eman dizkiete parte hartzaileei.

Zumaiako Prebentzio Mahaia, Zumaiako herritarrekin oro har eta, bereziki, haur, nerabe, gaztetxo eta familiako kideekin lan egiten duten herriko hainbat erakunde elkartzen dituen sarea da. Erakundeen artean helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko elkartzen da Mahaia. Lehen pausu moduan, herri mailan alkoholaren inguruan herritarrek dituzten ohitura eta jarrerak ezagutzeko galdetegi bat prestatu zuten.

30-55 urte bitarteko pertsonei zuzendu zitzaien galdetegia eta herriko zenbait lekutan jarri ziren betetzeko eskuragarri. Guztira 112 erantzun jaso ziren, gehienak adin txikikoen gurasoenak.

Jarraian, galdetegi horietatik ateratako ondorio nagusiak bildu ditugu:

Kontsumoaren inguruko kezka

Erantzunen arabera, kezka dago egiten den alkohol kontsumoaren inguruan. Bai nerabeen kontsumoaren inguruan (%85a), bai helduenean ere (%81.25a). Horrekin lotuta galdetu zen helduen kontsumoak zer nolako eragina duen nerabeen kontsumoarengan. 0tik 5erako tartean 3,90ekoa zen kezkaren maila.

Beraz, nabaria da herritarren artean kezka dagoela gizartean egiten den alkohol kontsumoaren inguruan, eta gehienak kontziente dira horrek gure gazteengan zer nolako eragina duen. Prebentzioan arlo askotatik eragin liteke alkoholaren kontsumoa gutxitzeko edo eta arriskuak murrizteko, lege aldetik, eskola aldetik… eta jakina, gizartearen aldetik. Gazteek helduengandik jasotzen duten eredua faktorerik garrantzitsuenetakoa baita prebentzioaz ari garenean. Izan ere, modu horretan barneratzen dituzte txikienek kontsumo patroiak.

Kontsumo ohiturak

Galdetegiaren hurrengo galderak bakoitzaren kontsumoen ingurukoak ziren. Nahiz eta %57.14ak normalean alkohola ez duela edaten esan, gero, noiz eta zenbat alkohol edaten duten galdetzen zaienean, ikusten da normalean ez duela edaten esaten duenak asteburuetan eta jai egunetan alkohola kontsumitzen duela. Atentzioa deitzen du zein punturaino dagoen normalizatuta alkoholaren kontsumoa, izan ere, astebururo alkohola edaten duenari ez zaio iruditzen “normalean” edaten duenik, kontsumo puntuala egiten duela baizik. Eta horrek asko jaisten du alkoholarekiko arrisku pertzepzioa.

Kontsumitzen diren edari alkoholdun moten inguruan galdetuta, berriz, bereizketa handia dago egun eta orduen arabera. Astegunetan graduazio baxuko edariak kontsumitzen dira (sagardoa, ardoa eta garagardoa) batez ere jatorduetan. Asteburuetan jatorduez gain, eguneko beste momentuetan ere edaten da (goizez, arratsaldez eta gauez) eta likore edota konbinatuak ere agertzen dira. Festa edo egun puntualetan, kontsumitzen den alkohol kantitatea igotzeaz gain, konbinatuak askoz gehiago kontsumitzen dira.

 

Alkohola eta aisialdia

Aztertutako beste esparru bat aisialdia izan da, galdetzen zen aisialdian zenbat denbora eskaintzen diogun alkohola presente dauden momentuei, norberak alkohola edan edo ez. Gainera, galdetu da momentu horietan zenbat denbora partekatzen ditugun adin txikikoekin. Alkohola presente dagoen momentuak honako hauek dira batez ere: astegunetan arratsaldez,, asteburuetan jatorduetan, arratsaldez eta gauez, eta festetan goizez, jatorduetan, arratsaldez eta gauez. Orokorrean, adin txikikoekin konpartitzen dira momentu horietako asko.

Alkohola eta nerabeak

Aisialdiko ohiturei buruz galdetuta, hainbat erantzun jaso dira: paseatu, irakurri, lagunekin egon, kirola egin, familiarekin egon, hondartza-mendira joan, haurrekin egon, bidaiatu, zinemara joan, antzerkira joan,… Baina beste hauek ere sarri agertu dira: edan, poteoa, pintxo eta ardo bat hartu, tabernan ibili, tragoren bat hartu, pare bat pote,… Deigarriak diren erantzun batzuk ere jaso dira: haurrak jolasten dauden bitartean tabernara joan edo umeekin tabernara joan esaterako.

Gizartean bezalaxe Zumaian ere kezka dago nerabeek eta gazteek egiten duten alkohol kontsumoaren inguruan. Baina, beste gai askotan bezalaxe, alkohola kontsumitzeko jarrera eta ohiturak transmititzerako orduan helduak eta bereziki familiak ardura handia du. Ikastetxeen bidez prebentzio lan handia egiten da baina ezin da dena beraien esku utzi, lanketa hau egin beharra ikusiz gero, familia esparru naturala eta paregabea da. Gurasoek eragin handia dute bere seme-alabengan txikiak direnetik, horregatik aisialdirako eredu osasungarri bat transmititzen bada, errazagoa izango da nerabeek ere horren arabera jokatzea.