"Alokairu Beka" programaren nondik-norakoak
Atzo arratsaldean egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko gobernu taldeak landutako "Alokairu Beka" programa. 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta ezaugarri nagusi gisa, alokairu partekatua sustatu eta gazteen formazioa bultzatzea du helburu.
"Alokairu Beka" programa aitzindaria da eskualde mailan, izan ere, oinarriak lantzeko garaian, indarrean dauden programen eta inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu ditu gobernu taldeak oinarri, noski, betiere, eredu horiek Zumaiaren eta gazte zumaiarren beharretara egokituz.
Ezaugarri edo berezitasun nagusien artean, alokairu partekatua sustatzea eta gazteen formazioa bultzatzea ditu helburu.
1.-Alokairu partekatua
Gaur egun gazte askok ezin dute haien irabaziekin bere kasa emantzipatu, horregatik, lagun taldean egiteko aukera eskaini nahi izan die Udalak. Bide horretan, laguntza eskaera indibiduala egin ahal izango dute gazteek, baina, alokairua partekatuz gero, diru-laguntza handiagoa jasoko dute, izan ere, bekaren onuradun bakoitzak, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasoko baitu alokairua partekatzeagatik. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehieneko diru-laguntza hori 150€koa izanik.
2.-Formazioa bultzatzearen aldeko hobaria
“Alokairu Bekaren” bitartez jasotako diru-laguntzaz gain, herriko gazteen formazioa bultzatu eta lan merkatuan txertatzeko dituzten aukerak zabaltze aldera, Udalak hilero 10€ko hobaria emango die programaren onuradun bakoitzari, baldin eta urteko 150 ordu baino gehiagoko ikasketak egiten ari diren.
"Alokairu Bekaren" xehetasun, baldintza eta oinarri guztiak ezagutzeko, HEMEN duzu dokumentu osoa.



