Alokairurako laguntza eskatu daiteke azaroaren 15era bitartean

2019/10/11

Informazio-orriak banatuko dituzte herriko buzoi guztietan, “informazioa ahalik eta herritar gehienei iristeko”. 18-35 urte bitarteko gazteek eskatu dezakete laguntza. Hurrengo deialdian laguntza zabalduko dutela adierazi du Maider Alberdi zinegotziak.

Karmele Gomez berdintasun eta gazteria teknikariak eta Maider Alberdi zinegotziak aurkeztu dute Alokairu Bekaren deialdi berria. Azken deialdiko baldintza berdinak mantendu dituzte aurtengoan, baina “ahalegin berezia” egin nahi izan dute “laguntzaren inguruko informazioa ahalik eta herritar gehienei iristeko”, azaldu du Alberdik. Horretarako, Zumaiako etxebizitza guztietara informazio-orri bat bidali dute. Eskuorri horretan jaso dituzte alokairu laguntza jasotzeko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda.

Egun alokairurako laguntzaren "onuradunak herritar gutxi" direla azaldu dute Gomez eta Alberdik. Hori dela eta, aurreko deialdietako eskatzaileen, hartzaileen, horien perfilen zein bestelako kontuen azterketa egiten ari dira, “alokairurako laguntza zabaltzeko lanean”. Horretarako, “adin-muga ezabatzea aztertzen ari gara, eta bestelako baldintza eta eskakizunetan ere aldaketak egiteko asmoa daukagu”, azaldu du zinegotziak; “gure asmoa da laguntza pertsona gehiagorengana iristea eta alokairuan bizi ahal izateko erraztasunak ematea”.

Zumaiako etxebizitzaren problematika zabalagoa dela adierazi du. “Hutsune nabarmenak daudela jakinda" alokairua sustatzeko eta etxe hutsak betetzeko bestelako neurriak ere landuko dituzte.

Alokairu Beka (2019ko deialdia)

Alokairu Bekaren egungo helburua da dirulaguntza ematea Zumaiako udalerrian ohiko egoitza izateko alokairu erregimenean etxebizitza bat duten edo 2019ko azaroaren 15a baino lehen alokairu erregimenean kontratu bat sinatzeko konpromisoa hartuko duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei.

 

Helburuak:

Programaren helburua da alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea. 2019ko deialdian 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Bekaren onuradun bakoitzak %10eko hobaria jasoko du alokairua partekatzeagatik. Alokairurako laguntzak norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehienezko diru-laguntza 150 eurokoa izanik. Eskaera indibiduala ere egin ahal izango dute gazteek, baina kasu honetan, alokairua partekatuz gero, diru-laguntza handiagoa jasoko dute osotara.

Bestalde, ikasten ari diren onuradunek hilero 10 euroko hobaria jaso ahal izango dute, baldin eta ikasketa horiek urteko 150 ordutik gorakoak badira.

Parte hartzeko baldintzak:

  • 18-35 urte bitarte izatea

  • Gutxienez 2 urte Zumaian erroldatuta

  • Diru sarreren muga:

    • 3000-25000 euro (bizikidetza unitatea pertsona bakarra)

    • 3000-35000 (bizikidetza unitatea pertsona bat baino gehiago)

  • Alokairu muga: 700 euro

    • Salbuespena 800 euro (3 bizikidetza unitate eta 100m²)

 

Aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • Eskabidea (udaletxean edo webgunean)

  • Eskatzailearen Nortasun Agiria

  • Eskatzailearen eta bizikidetza unitatearen errolda agiria (udaletxean)

  • Alokairuaren kontratuaren kopia

  • Kontu korrontearen titulartasunaren agiria (banketxean)

  • Estatu mailan etxe bizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria (Azpeitiako jabetza erregistroan edo honako webgunean: registradores.org)

  • Bizikidetza unitateko kide guztien diru sarreren egiaztagiriak

  • Orokorrean, edonolako dirulaguntza jasotzea eragozten duen inolako egoeratan ez dagoela ziurtatzeko agiria (udaletxean)

Eskaera aurkezteko epea: azaroak 15

 

"Alokairu Beka": Zumaiako herrian etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzak ematea arautzeko ordenantza

 

Harremanetarako:

  • Gazteria saila. Tel. 943865025, luz. 404

  • berdintasuna@zumaia.eus