Alondegiaren eraikina eraberritzeko lanak iraila bukaera aldera amaituta izatea espero du Udalak

2010/06/14

Ondoren, ekipatu egingo da eraikina altzari eta abarrekin. Mari eta Erribera kaleak lotuko dituen igogailuaren lanak ere sasoi berdinean bukatzea aurreikusten da.

 

Zumaiako Alondegia eraberritzeko lanak bide onetik doazela azaldu dute Udaleko teknikariek. Irailean hasi zituzten Alondegi zaharra Kultur Etxe gisa egokitzeko lanak eta aurreikuspenen arabera, iraila bukaera aldera bukatuko dituzte egokitze lan horiek.

Exekuzio honen barnean, barrutik hustu egin dute Alondegi zaharraren eraikina, eta fatxadak mantendu egin dituzte. Horrekin batera, hormigoizko egitura berri bat egin da eta egurrezko teilatua egokitu zaio eraikinari.

Mari kalea eta Erribera kalea lotuko dituen igogailuaren lanak ere epe berdinean bukatzea aurreikusten du Udalak. "Igogailuak bi funtzio izango ditu, batetik eraikinaren barruko zerbitzurako erabiliko da, eta bestetik, erabilera publikorako egokituko da", esan du Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak. Irailaren bukaerarako igogailuaren lanak ere bukatuta izango dira eta ondoren, funtzionamenduan jartzeko egokitzapen teknikoak egin ondoren jarriko dute martxan.

Teknikarien arabera, "epeak ondo ari dira betetzen Alondegiko lanetan eta iraila bukaera aldera bukatuta izango da obra. Gero, ekipatu egingo da eraikina altzari eta abarrekin". Udal liburutegiaz gain, Udaleko Kultura Saileko bulegoak, erakusketa gela bat eta ikasteko areto zabal bat izango ditu eraikin berriak.