Alondegia irekitzear
Datorren asteazkenetik aurrera, hilaren 11tik, izango da irekita. Bertan, Kultur Etxea eta Udal Liburutegia izango dira, besteak beste.
Herriko kultur jarduera bilduko duen Zumaiako Alondegia datorren asteazkenean, hilak 11, irekiko da. Lau solairu ditu eraikinak, egundaino Forondan izan diren Kultur Etxea eta Udal Liburutegia gerturatuko ditu herrira.
Alondegi eraberritua irekiko den lehen egun horretan, bi bisita gidatu antolatu ditu Zumaiako Udalak herritarrentzat. Hala, 12:00etan eta 18:00etan abiatuko dira bisitak, eta eraikin osoa bisitatzeko aukera izango da. Hala ere, ez da egun horretako ekintza bakarra izango; 19:00etan Gorka Zabaletak, Baleike aldizkariko kazetariak, Alondegiaren inguruan prestatutako erakusketa irekiko baita. Beraz, irekitzearekin bat emango zaio bizia eraikinari.
Erabat eraberritutako eraikinak, lehen solairuan Udaleko Kultura Sailaren eta Berdintasun eta Gaztedia Sailaren bulegoak izango ditu. Solairu berean bilera gelak ere badaude. Bigarren solairuan, haur eta gaztetxoentzako liburutegia egokitu da. Horretaz gain, ipuin kontaketak egiteko aretoa ere prestatu da. Hirugarren solairuan, berriz, helduentzako liburutegia dago. Eta azken solairuan, ikasteko eta lanak egiteko gela zabala egokitu da.
Gainera, helduen liburutegia ohikoa baino ordutegi zabalagoarekin irekiko da. Ikasleentzat azterketa garaia kontuan izanik, asteazkenetik ekainaren bukaera aldera arte goizeko 09:30etik 20:00ak arte irekita izango da astelehenetik ostiralera bitartean. Larunbatetan, berriz, 09:30etik 13:30etara izango da zabalik. Azterketa garaia bukatu ostean, bere ohiko ordutegia 9:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da astelehenetik ostiralera. Larunbatetan, berriz, ordutegi berdina izango du 09:30etik 13:30etara.
Haur eta gaztetxoentzako liburutegia 16:00etatik 20:00etara izango da irekita astegunetan. Larunbatetan, aldiz, 09:30etik 13:30etara irekiko da.



