Alurr dantza taldeak 'Sua' ikuskizuna eskainiko du gaur Aita Marin
Dantza taldeak bere azkeneko ikuskizuna aurkeztuko du Zumaian. Sarrerak turismo bulegoan daude salgai eta ikuskizunaren aurretik leihatilan ere eskuratu ahalko dira.
Alurr dantza taldeak ‘Sua’ ikuskizuna eskainiko du gaur gauean Zumaian. 22:00etan hasiko da emanaldia eta Aita Mari aretoan izango da. Dantza taldeak bere azkeneko ikuskizuna aurkeztuko du Zumaian eta sua irudikatzen duen dantza batek emango dio hasiera ikuskizunari.
Honela deskribatzen dute ikuskizuna dantza taldekoek: “suak irekiko du zirkulua eta pixkanaka indarra hartzen joango den irudia osatuko du. Zirkulu horren barruan agertuko dira gainerako antzezle nagusiak. Musika, dantza, jantzi eta argien bidez iritsiko zaizkio ikusleari protagonisten ezaugarriak: jauntxoen dotorezia, herritarren indarra eta sorginen sentsualitatea, emakume izaera, askatasuna… Bi indar nagusien arteko talka dago, amaiera aldera guda batean agertuko dena, ez irabazlerik, ez galtzailerik ez duen guda batean. Eta guda horrek suari utziko dio lekua gero, sua izango dugu berriro ere bukaeran, berak hasitako zirkulua ixteko. Izan ere, sua ez da itzali, beti egon da hor, itxaropena ere bere baitan balego bezala”.
Sarrerak salgai turismo bulegoan
Ikuskizunerako sarrerak Zumaiako turismo bulegoan egongo dira eta emanaldiaren aurretik leihatilan ere erosteko aukera egongo da. 5 euro balio du sarrerak, Gazte Txartelarekin, berriz, 3 euro.



